Pilota sustatzeko plana aurkeztu du udalak
Donostia pilotaren hiria bihurtzeko estrategiarako 80.000 euro gehiago bideratuko dituzte.
Udalak 80.000 euro gehiago bideratuko ditu Donostia pilotaren hiria bihurtzeko plan estrategikoan. Horrela, dagoeneko pilotak jasotzen duen aurrekontuari gehituko diote aparteko ekarpen hori. Plana dagoeneko martxan dago, eta 2017a arte, pilota hirian ikusgarriagoa egiteko helburua du, besteak beste. Pilota Federakuntza, klub eta ikastetxeekin batera egindako plana da, eta gaur aurkeztu du Kiroletako zinegotzi Josu Ruizek, Kirol Ekintzen arduradun Iñaki Zabaleta, Donostia Kirolako Maketing eta Arretako teknikari Gotzon Bandres, Gipuzkoako Pilota Federazioko kudeatzaile Juan Carlos Etxeberria eta Parte Zaharra, Antigua eta Amara Berriko pilota eskolen ordezkariekin batera.
Aurten hasita, 67 ekintza bideratuko dituzte, hiru helburu betetzeko: pilotaren modalitate ezberdinetako praktika sustatzea, kirol ikuskizunen eskaintza zabaltzea eta hiriko pilotalekuen egoera hobetzea. Horrela, pilotaren modalitate guztiak barneratzen ditu poriektuak, hala nola, eskola kirola, federatua, herrikoia eta profesionala. Guztira 20 erakundek parte hartu dute proiektu estrategikoa zehazten.
Helburu horiek betetzeko hiru ardatz definitu dituzte:
Pilotaren praktika handitzea
Eskola kirola eta federatu mailako kirol lizentzien kopurua %30 handitzea espero dute datozen hiru urteetan, eta baita lehen mailan parte hartzen duten kluben kopurua handitu edo emakumeen artean praktika sustatu ere. Horretarako, hauek dira proposatutako neurriak: ikastetxeetan sustapen kanpainak antolatzea, hezkuntza fisikoaren saioetarako unitate didaktikoen diseinua, komunikazioarekin lotutako ekintzak (Pilotaren Txokoa izeneko webgunea sortzea), eta pilota jolas izaerako praktika moduan sustatzeko ekintzak bultzatzea.
Gainera, kirol klubak kudeaketa administratiborako egiturak sortu eta garatzeko gai izan daitezen laguntza eskainiko dute, baita kluben arteko elkarlana eta koordinazioa hobetzeko ere. Era berean, kirol erakunde hauei bideratutako diru laguntzen kopuruak handituko dira eta prezio publikoetan zenbait salbuespen ere sartuko dira.
Pilota kirol ikuskizuna moduan sustatzea
Planaren egileen arabera, azken lau urteetan ikuskizun profesionalak programatu diren jardunaldien kopurua %300 igo da, ez bakarrik eskuzko pilotan, baita pala, zesta eta erremontean ere. Hirian afizionatu mailako txapelketak geroz eta ugariagoak dira, eta horregatik, Donostia Kirolak afizionatuen zein profesionalen pilota ikuskizunak era koordinatuan jasoko dituen urteko programa bat finkatu nahi du.
Frontoietan hobekuntzak
Kiroletako zinegotzi Josu Ruizek adierazi duenez, pilotalekuak dira Donostiako kirol instalazio mota ugariena gaur egun; guztira 44 pilotaleku daude hirian, horietatik 23 estalitakoak. Hala, aurkeztutako planarekin kirol guneak mantetzeko asmoa dute, eta jarduera gehiago (txapelketak, pilota eskolak…) dauden pilotalekuei lehentasuna emango diete mantentze lan horietan.
Pilotalekuak hobetzearekin batera, Anoetako frontoiek (Atano, Balda, Trinketea) jokatu behar duten rolari buruzko hausnarketa egin dute, eta datozen hiru urteetan zenbait azterketa egitea proposatu dute planaren egileek. Horrela, Atano III.aren berrikuntza osoaren aukera aipatu dute, Euskal Herriko pilotaren interpretazio zentroa bertan jartzeko helburuarekin. Frontoisk pilotaren kirolari zuzendutako teknologia berriak garatzeko oinarri bezala hartzeari lotutako ekintza batzuk ere proposatu dituzte.