Udaleko bi teknikari inputatu dituzte Mikel Arzaken heriotzagatik
Pasealeku Berrian harri batek jo ondoren hil zen gaztea, eta haren senideek helegitea jarri dute
Udaleko bi teknikari eta Tesinsa enpresako gerentea inputatu dituzte Mikel Arzaken heriotzagatik. Arzak 2013 abuztuaren 7an hil zen Pasealeku Berrian, menditik eroritako harri batek harrapatuta, eta senideek helegitea jarri zuten, bere heriotza saihestu zitekeela sinetsita. Iaz ere helegitea jarri zuten 5 langileen aurka, baina Donostiako epaitegiak atzera bota zuen salaketa. Orain, Gipuzkoako Auzitegiak helegitea onartu du, eta beraz, hiru inputatuek deklaratu egin beharko dute.
Auzian zehaztu dutenez, Arzak hildako harriak ez zuen zuzeneko harremanik mendi magalean egiten ari ziren obrekin, baina baziren arrisku zantzuak oinezkoentzat, eta ingurua ez zen behar bezala ziurtatu. Hain zuzen ere, 2012an oinezkoen pasealekura eroritako harriak argi utzi zuen arriskua bertan zegoela.
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek eta Hiri azpiegituretako zinegotzi Nora Galparsorok agerraldia egin dute gaur udaletxean, Auzitegiaren erabakia jakin ondoren. Alkateak Arzaken senideen erabakia errespetatzen duela adierazi du, eta udalak Urgull babesteko jarraitutako prozedura defendatu du: “Udalak teknikarien eta obra eraman duen enpresako langileen gomendioak jarraitu ditu beti, eta istripua gertatu zen unean ere, aurrikusitako jarraibideak bete genituen. Gure ustez, une horretan hartutako neurriak zuzenak izan ziren, eta ziur gaude urte hauetan Urgullen egin diren hobekuntza obrek istripuak galarazi dituztela”.
Izagirreren arabera, Arzaken istripua galarazteko obrak lehenago hasi behar zuten: “Urgulleko magalak duela urte asko eman ditu arazoak, eta obrak askoz lehenago hasi behar zuten. Dena den, badugu notizi on bat emateko, izan ere, azken urteetan egindako lanek bermatu dute etorkizunean istripurik ez gertatzea”.