Eraikin eta lokalen mantenua eta funtzionamendua hobetzera, eta, jarduerak antolatzera bideratuko dute dirua.
San Luis egunean Herrerako erretiratuek bazkaria egin ohi dute. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Udalak 600.000 euro bideratuko ditu aurten irabazi asmorik gabeko erretiratuen elkarteetara. Tokiko Gobernu Batzordeak gaur goizean onartu du diru laguntzaren ordainketa aurreratua, guztira, 220.000 euro. Dirua eraikin eta lokalen mantenua eta funtzionamendua hobetzera bideratuko dute nagusiki, eta baita jarduerak eta ekintzak antolatzera, hala nola, zahartze aktiboa sustatzeko, partaidetza sustatzeko, elkarteen arteko harremanak bultzatzeko, baloreak bultzatzeko eta belaunaldien arteko harremanak laguntzeko.
Jon Albizu Gizarte Ongizateko zinegotziaren esaneran, zahartze aktiboa bultzatzea da laguntza honen helburua: “Donostia hiri lagunkoia da adineko pertsonekin, pertsonak ardatz dituen hiri eredu bat dugu helburu eta, eredu horretan, adinduak oso aintzat hartzen ditugu hainbat arlotako politikak ezartzeko orduan; irisgarritasuna, etxebizitza, kultura eta aisialdi aktiboa eta gizarte zerbitzuak, esate baterako”.
Zinegotziak gogora ekarri duenez, hirian 23 elkarte daude, horietatik 16 udal lokaletan, eta guztien artean 15.000 bazkide baino biltzen dituzte. Elkarte horiek hiriko hainbat auzotan banatzen dira, eta zerbitzua ematen diete adinekoen kolektiboari, izan ere, leku horietan harremanak bultzatzen dira, bakardadea arinduz. Horrela, erretiratuek proposatu eta antolatzen dituzte ekintzak, eta beren kolektiboaren beharrak asetzen dituzten zerbitzuak erabiltzen dituzte. Albizuk adierazi duenez, zentro horien sarea estrategikoa da udal gizarte politikarako: “Gure iritziz, baliabide horiek adinekoei komunitate barruan gizarte babesa ematen dien sare baten osagaiak dira, eta hori ezinbestekoa da adinekoak baldintzarik onenetan egoteko ahalik eta denbora luzeenean”.