Jaima jartzearekin batera emango dute dokumentala; 261 sahararren lekukotasunak bildu dituzte.
Hau da igandean aurkeztuko duten dokumentalaren irudia. (Argazkia: Donostiako Udala)
Mezuak Mendebaldeko Saharatik dokumentala estreinatuko dute igandean, Donostiako Udalbatzan. Lurralde okupatuetara egindako bidai batean jasotako testigantzak biltzen ditu dokumentalak, sahararrek beren jaioterrian bizi duten errealitatearen berri ematen dutenak.
Besteak beste,
El Oasis de la Memoria (Memoria histórica y violaciones de derechos humanos en el Sahara Occidental) eta
Meheis: La esperanza posible (Fosas comunes y primeros desaparecidos saharauis identificados) ikerketa lanetan ageri diren 261 sahararren lekukotasunak ageri dira dokumentalean.
Ikerketa horien harira, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek hara joateko gonbita jaso zuen Aminatou Haidar eta El Ghalia Djimiren giza eskubideen ekintzaileen eskutik; alkatea otsailaren 1etik 5era izan zen Aaiunen. Bertan giza eskubideen ekintzaile sahararrekin elkartu zen; guztira hogei bileratik gora egin zituen, klandestinitatean, sahararrek debekatuta baitute elkarteak sortzea.
Jaimarekin batera
Dokumentalarekin batera, udaletzean jaima bat jarriko dute igandean, saharar herriari elkartasuna adierazteko, izan ere, okupazioaren 40 urte beteko dira aurten.
Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da, eta besteak beste, tea banatuko dute. Joseba Apaolaza aktoreak egingo ditu aurkezpen lanak, bera ere lurralde okupatuetan egondakoa baita. Musika ere izango da, Oreka Tx eta Aziza Brahimen eskutik. Hassanna Aalia giza eskubideen ekintzailea ere bertan izango da igandean.