Kutxa Fundazioak Kutxabanki saldu egin dio. Tabakalera egitasmoaren barruan hartuko dituzte bertako kultur jarduerak.
Mursego musikaria haurrekin, Kutxa Kultur Hiri Txikia jaialdian. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Kutxaren Arrasate Aretoa berritu egingo dute, eta urrian finantza bulego “moderno” bat irekiko dute. Kutxak eta Kutxabankek salerosketa adostu dute, eta eragiketa honen zenbateko osoa Tabakalera egitasmoan hitzartuta duen ekarpenari erantzutera bideratuko du Kutxak, datozen 30 urteetan 6.000 metro kuadroko gunea kudeatzeko aurreikuspena baitu. Banku Fundazioak azpiegitura berri honetan hartuko ditu orain arte Arrasate Aretoan egiten zituen kultur jarduerak, bai eta kulturarekin zerikusia duten beste hainbat ekintza ere. Eragiketaren zenbatekoa Gizarte-ekintzan berrinbertituko duenez, Kutxarentzat ondare higiezineko “esku-aldaketa soila” besterik ez da izango eragiketa hau.
Zaharberritze lanek irauten duten bitartean, Kutxabankek Getaria kaleko 9-11. zenbakian duen bulegoa San Martzial kaleko 11.ean kokatuko da, ‘Getaria Eraikinean’ bertan.
Kutxabankek hiru solairuko gunea erosi du (lehena, behekoa eta sotokoa), 860 metro koadrotik gorako azalerarekin, hau guztia ‘Getaria Eraikinaren’ –lehen hiriko Udal Aurrezki Kutxaren egoitza zenaren– zati handi baten arrazionalizatze prozesuaren baitan, eraikina ‘Corpfin Capital Partners’ inbertsio taldeak Kutxabanki erosi baitio.
Arrasate Aretoan kontzertuak, hitzaldiak, aurkezpenak eta askotariko jarduerak egin izan dira.