Bekoji herrian atletismo pista eta ingeles klaseak eraikiko ditu Etiopia-Utopia fundazioak.
Kirol txartela solidarioaren laguntzarekin, Etiopian proiektu integratzailea sortuko dute. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostia Kirolaren kirol txartela solidarioa proiektuak Etiopiako Bekoji herria lagunduko du aurten; bertako herritarrentzat korrika egitea bizitzeko modu bat da, eta horren ondorioz atleta olinpiko ugari sortu dira. Orain, kirol txartelak eskainitako 5.000 euroko diru laguntzari esker, zonaldean atletismo pista, eskola eta hizkuntza akademia eraikiko dituzte. Proiektua aurkeztu du Kirol zinegotzi Josu Ruizek, Etiopia-Utopia Fundazioko kide Iñaki Iruretagoiena, Iñigo Eseverri eta Imabol Apalategirekin batera.
Horrela, Etiopia-Utopia Fundazioak landuko du kirol proiektua. Iñigo Eseverri fundazioko kideak azaldu duenez, dirua eman baino herritarrei proiektu bat kudeatzeko ahalmena eskaini nahi diete: “Herri hau ez zen ezaguna, baina Olinpiar Jokoei esker jakin genuen hemen bazela atletismorako zaletasuna”. Eseverriren esanetan, abiapuntua 2008ko Pekingo jokoak izan ziren, herri horretako atletek lau urrezko domina irabazi baitzituzten distantzia luzeko probetan. Fundazioaren kidearen arabera, atletismoa sutatzen irakastea da beren helburua, Bekojiko ume zein gazteek atletismoren bitartez bizita hobe bat izateko ametsa gertuago ikusteko.
Proiektuak epe luzeko iraupena izango du, herriko kirol instalazioak egokitzearen bitartez, saneamendu zerbitzuak eraiki eta pisten ondoan estalitako gune osagarriak jarriko dituztelako. Gainera, ingelesaren irakasketa bultzatzea bilatzen dute, garapena bilatu eta mundura irekitzeko modu gisa.
Laguntza soila baino gehiago
Kirol Txartela Solidarioaren zazpigarren proiektua da aurtengoa, eta aurreko urteetan Ugandan (AmigoSolidarios), Ghana-n (ASF), Saharan (SEK), Sudafrikan (Unicef), Wukron (Etiopia-Utopia) eta Ekuadorreko Amazonian (Sport Mundi) egindako proiektuei babesa eman die. Ekimen hau Donostia Kirolak bultzatzen du, eta besteak beste,
oporrak bakean programari esker bisitan datozen Sahara, Errusia eta Ukraniako umeei doako kirol txartelak ematen diete. Udalak guztira 350.000 euro bideratzen ditu kirolarekin lotutako ekintza solidario horietara.