Hiriari buruzko hiru begirada behar dituzte
Kalebegiak proiektuan parte hartzeko deialdia zabaldu du Donostia 2016 Fundazioak
Donostia 2016 Fundazioak herritarren partaidetza bultzatu nahi du hala nola. Oraingoan, Kalebegiak izeneko proiektua abiatu du, eta horretarako ere herritarrei deia zabaldu die. Ikus-entzunezko proiektu bat da Kalebegiak, eta Donostiari buruzko hamabi film laburrek osatuko dute. Horietako bederatzi lan profesionalek egingo dituzte, baina beste hiruak egiteko, deialdia zabaldu dute arduradunek, egile berrien bila. Beraz, deialdi publiko baten bidez aukeratuko dituzte hiru film labur horiek. Film bakoitzak 10 minutu inguruko iraupena izango du, eta interesa duenak bere gidoia aurkeztu beharko du, maiatzaren 8a baino lehen. Hautatutako hiru lan horien egile-eskubideak ordaintzeko, 1.000 euro jasoko ditu irabazle bakoitzak. Ikus-entzunezkoen munduan esperientzia duten herritarrak edo besterik gabe interesa dutenak izan daitezke egileak. Azken batean, hiri beraren ikuspegi desberdinak bildu nahi dituzte, erretratu kolektibo bat osatzeko. Deialdiaren bitartez hautatutako hiru egileei euren ideia garatzeko baliabide teknikoak eta giza baliabideak emango dizkiete. Gainera, ikus-entzunezko esparruan esperientzia duten lagunekin batera lan egiteko aukera izango dute. Hori bai, egile bakoitzak erabakiko du ea bere film laburra zuzendu nahi duen edo ez. Lanak amaitzean, film labur guztiekin film kolektibo bat osatzea dute helburu. Gidoiak osatzerakoan, kontuan izan beharko dira hiria bera, kulturaren garrantzia eta bizikidetzarako kultura. Partaideek Gipuzkoan jaioak izan beharko dute, edo deialdia zabaldutako egunean gutxienez urtebete baino lehenagotik erroldatua dagoena, edo bertan bost urtez jarraian edo hamar urtez tarteka bizi izan dela egiaztatzen duena. Deialdiaren oinarriak jarri dituzte jada