Donostian da Korrika, Bidebietan ongi etorria jaso eta gero
Bidebietako atetik sartu da Korrika 19 Donostian, 8:33an, hiriko kaleak lau orduz zeharkatzeko prest. Balentin Merino bidebietarrak erosi du Donostiako lehen kilometroa, baina berak nahiago izan du pankarta atzean korrika egin, bere biloba Isanek eta Marenek lekukoa har zezaten. Aiatik etorri da familia Merino bisitatzeko, eta berarekin batera Donostiako lehen metroak korrika egiteko. “Urteak damarazkit euskara ikasten euskaltegian, baina asko kostata ari naiz. Euskararekin ezin dudanez, nire ekarria egin nahi izan dut lekukoa erosita, ez baita lehen aldia”, adierazi du Merinok, bere bilobek lekukoa hartu baino minutu batzuk lehenago. Ziur bere emaztea gogoan izan duela; harek, bai, euskaraz egiten zuen etxean.
Euskararen aldeko tropela Trintxerpetik etorri da, Pasai Donibane eta Pasai San Pedro arteko zatia ontziz osatu ondoren. Trintxerpe eta Bidebieta banatzen dituen biribilgunean sartu da Donostian, Aingura handiaren parean, baina, auzoari itzulia eman bezain pronto, Pasai Antxon sartu da. Hori bai, minutu gutxi izan da berriro Oarsoaldean, Buenavistan Altzarako bidea hartu baitu.
Donostian 12:36ak arte izango da Korrika. Añorgan esango dio agur Donostiari, hirian 32.000 metro egin eta gero, 107 eragileren eskutik; IRUTXULOKO HITZA, tartean. Euskarazko tokiko hedabideak 11:13an hartuko du lekukoa, Donostia 2016 egoitzaren aurrean, Easo kalean.