Datozen hiru urteetarako hitzarmena berritu dute, hegoaldeko eta iparraldeko kultur arloak indartzeko
Atabal guneko François Maton, udaleko Kultur arduradun Nerea Txapartegi, Euskal Kultur Erakundeko Pantxoa Etchegoin eta Intxaurrondo kultur etxeko Agurtzane Aizpuru. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Donostia Kulturak eta
Euskal Kultur Erakundeak berriro ere hitzarmena sinatu dute, datozen hiru urteetarako. Zehazki, 2010ean sinatu zuten lehen akordioa Donostiako eta Uztaritzeko erakundeek, hego eta ipar euskal herriko artistak uztartzeko; eta elkarlana baikorra izan dela ikusi dutenez, 2015etik 2017rako itun berri bat adostu dute. “Elkarlanerako bidea da, lotzen gaituena bereizten gaituena baino irmoagoa delako”, aipatu du Nerea Txapartegi udaleko Kultur arduradunak, gaurko agerraldian. “Ikasi dugu hiru urtez elkarrekin lan egiten, eta balorazio baikorra egiten dugu. Beste publiko batzuk hunkitzea lortu dugu”, azaldu du Euskal Kultur Erakundeko Pantxoa Etchegoinek.
Lau atal nagusi ditu hitzarmenak: ezagutza, informazioa elkarbatzea, sorkuntza lantzea, eta hedapena. Antzerkia, literatura, musika, dantza zein arte plastikoak barneratzen dituzte kultur sorkuntzaren barnean, eta alde bateko zein besteko artisten lana zabaltzea nahi dute. “Iparraldeko sortzaileak Donostian era natural batean ezagutarazi nahi ditugu, Donostia Kulturaren programazioaren barnean. Elkar ezagutza informazio trukea sendotzea nahi dugu, eta era berean, gurean diharduten artisten lana zabaltzea nahi dugu”, gehitu du Txapartegik.
Lehen proiektu zehatza
Hitzarmen berriak jada badu lehen proiektu zehatz bat. Miarritzeko Atabal gunearekin elkarlanean, bi eguneko egonaldi bana egingo dute bi musika taldek, Atabalen eta Intxaurrondo kultur etxean. Nahia Zubeldia & Matthys eta Lenoir Gang musika taldeak hautatu dituzte egonaldirako. Lehenak, Atabalen martxoaren 23an eta 24ean egongo dira, eta Intxaurrondo kultur etxean, martxoaren 26an eta 27an; bigarrenak, berriz, Atabalen apirilaren 7an eta 8an, eta Intxaurrondo kultur etxean apirilaren 13an eta 14ean.
Egonaldiek bi helburu nagusi dituzte: Musikariek sorkuntza prozesuetan parte hartzea, eta ikasleekin topaketak eginez, publiko berria eta gaztea kultur jardueretara gerturatzea.