Amara Berri Auzo Elkarteak ere musika eta kirol ekitaldiak antolatuko ditu abuztuaren bigarren asteburuan.
Iaz goitibera lasterketa egin zuten Miramonen (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Aurtengo Aste Nagusian hainbat elkartek proposatutako ekintzak txertatuko ditu egitarau ofizialean Donostiako Udalak. Horien artean berriak izango diren bi jarduera nabarmendu dituzte, gau lasterketa eta haur festa eta musika ibiltaria. Gainera, iaz egindako proposamenek ere jarraipena izango dute aurten, esate baterako, goitiberen lasterketa eta kaleko antzerki amateurra.
Horrela, Gaua Argitzen Lasterketa antolatuko du Bera Berak. Abuztuaren 8an izango da, larunbata, eta gaueko 00:50etan abiatuko da Bulebarretik. Helmuga ere bertan izango du lasterketak, eta abiatu aurretik festa egingo dute. Lasterketan 14 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute, eta musikarekin girotuko dute ibilaldia.
Bestalde, Amara Berri Auzo Elkarteak hainbat ekitaldi prestatuko ditu auzoan, esate baterako, haur festa bat, musika ibiltaria, eta baita kirol ekitaldiren bat ere. Ekintza horiek igandean egingo dira, abuztuaren 9an.
Elkarteekin bilera
Udalak bi bilera egin ditu aurten auzoetako elkarteekin, aurrenekoa hilaren 5ean ekarpenak jasotzeko, eta bigarrena, atzo, ekintzak finkatzen joateko. Nerea Txapartegi Euskara arduradunaren esanetan, ekimen honi esker urtez urte egitarau ofiziala aberasten ari dira: “Bilerak giro onean egin direla goraipatu nahi dut; Aste Nagusia denon festa izan dadin nahi dugu eta elkarteei beren ideiak eta proposamenak egiteko aukera zabaldu diegu”. Egitarau ofizialean 43 elkartek parte hartzen dutela gogoratu du Txapartegik.
Azkenik, elkarteek Aste Nagusian jarduerak proposatzeko bete beharreko baldintzak gogoratu ditu Txapartegik: festak euskaraz bizitzea bermatzea, emakumeen parte hartze aktiboa sustatzea, parte hartze kolektiboa sustatzea, elkarteek jardueraz arduratzeko gaitasuna izatea, eta jarduera iraunkorra izatea.