Bagera elkarteak San Telmo Museoan antolatutako jardueran 150 lagun inguruk parte hartu dute
Mendiaz aritu dira Mintzodromoko partaideak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Mendia, gai horrexen inguruan aritu dira Mintzodromoko partaideak gaur goizean, San Telmo Museoaren ekitaldi aretoan. Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak hiru hilabetetik behin antolatzen du Mintzodromoa, euskara ikasleek lasai hitz egiteko aukera izan dezaten, eta gaurkoan, 150 lagun inguru bildu dituzte.
Betiko moduan, bi txanda egin dituzte, bat 10:00etan eta beste bat 11:00etan. Aretoko mahai bakoitzean lau lagun bildu dira, eta horietako batek dinamizatzaile lana egin du. Hala, era eroso batean euskaraz aritzeko lekua izan dute, euren egunerokotasunean euskaraz hitz egiteko aukera gutxi dutenek. Txanda bakoitzean, hizketarako hiru gai proposatu ditu Bagerako Aitziber Gurutzeagak, bera arduratu baita jarduera zuzentzeaz. Gai guztiak mendiaren ingurukoak izan dira, momentu honetan San Telmon bertan dagoen erakusketa baten aitzakian; hortik aurrera, mahai bakoitzean 15 minutuz aritu dira gai bakoitzarekin.
Opariak ere jaso dituzte partaideek. Izan ere, Dejabu Papin Laborategiak irabazi du XV. Donostia Antzerki Saria,
Arrastoak antzezlanarekin; eta Viktoria Eugenia Antzokian ostiralean 20:00etan eskainiko duten emanaldirako sarrerak zozkatu dituzte Mintzodromoko partaideen artean.
150 lagun inguruk parte hartu dute gaurko Mintzodromoan. (Argazkia: Estitxu Zabala)