Hogei eragilek bat egin dute, hiriko gaiak modu zuzenagoan jorratzeko; herritarren parte hartzeak bermatua egon behar duela aldarrikatu dute.

Auzo elkarteen ordezkarien agerraldia. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostiako auzoetako hogei elkartek akordioa sinatu dute, auzo elkarteen foroa sortzeko helburuarekin. Herenegun udalean izan ziren elkarte horietako hainbat ordezkari; azaldu zutenez, foroak elkarteen arteko komunikazio sarea eraikiko du, hiriko gaiak modu zuzenago eta demokratikoagoan jorratzeko espazioa eskainiz.
Manifestu bat irakurri zuten: “Donostia bizitzeko hiri egokiagoa, demokratikoagoa eta parte hartzaileagoa izan dadin lan egiteko sortuko dugu foroa. Foro horrek elkarteen arteko harremena hobetzeko balioko du, eta auzotarrei eragiten dieten gaietaz hitz egiteko aukera izango dugu modo zuzen eta irekian”.
Egitasmora atxikitu diren elkarteek bilerak egingo dituzte bi-hiru hilabetean behin: “Foro honek hiritarren parte hartze eredu eraginkorragoena zehazteko asmoa du, hirian unean gobernatzen duen alderdi politikoa kontutan hartu gabe. Hiritarren parte hartzeak bermatua egon behar du”.
Hauek dira foroa sortuko duten auzo elkarteak: Morlanstarrak, Amara Berri auzo elkartea, Parte Zaharrean Bizi, Altza XXI Herri Ekimena, Herripe, Amarabai, Lantxabe, Intxaurrondo Zaharreko Bizilagun Elkartea, Ondarpe Groseko Auzo Elkartea, Añorga Txikitarrak, Sarroeta A.E. Martutene, Bera Berako bizilagunen bilgunea, Lan Berri Txomin-Enea, Urumea Ibaia, Egia Bizirik, Loiolako Erriberako auzo elkartea eta Igeldoko eta Zubietako herri kontseiluak.