Kexa eta iradokizun zerbitzuak balorazio positiboa jaso du
Herritarren arretarako udalaren zerbitzuak 4,35 puntu jaso ditu 0 eta 5 bitarteko eskalan.
Donostiako Herritarren Arretarako Zerbitzuak iazko Kexa eta Iradokizunen txostena aurkeztu du gaur, eta donostiarrek udalari helarazi dizkioten komunikazioen datuak argitaratu ditu. Axier Jaka Partaidetza eta Informazio zinegotziak aurkeztu du txostena, eta gogora ekarri du herritarrek hainbat bide izan dituztela kexak helarazteko, hala nola, Interneten, Herritarron Postontziaren bitartez, presentzialki Udalinfoko leihatiletan, 010 telefono bidezko arreta zerbitzuan, eta Dpostontzia telefono mugikor bidezko aplikazioarekin.
Jakak azaldu duenez, aurten lehen aldiz neurtu dute herritarrek zerbitzuarekiko duten asebetetze maila, eta jaso duten erantzunen arabera, 0tik 5erako eskala batean, herritarrek 4,35eko balorazioa eman diote zerbitzuari; 4,18 postontzia aurkitzeko erraztasunari, eta 3,78 udalak ematen duen erantzunari.
Balorazio horren eta txostenak biltzen dituen datuen balorazio baikorra egin du Jakak: “Txostenean garbi geratu da udalak herritarren ekarpenak jasotzeko duen arreta zerbitzua oso erabilgarria dela, eta gero eta hobeto funtzionatzen duela. Nahiz eta beti dagoen zer hobetu, herritarren asebetetze maila hain altua izateak, bide onean goazela adierazten du.”
Aurtengo berrikuntza: Dpostontzia
Bestalde, Dpostontzia telefono mugikorreko aplikazioaren datuak ere jaso dituzte; Dpostontzia 2014ko otsailean abian jarri zen, eta tresna horrekk aukera ematen du ezbeharrak sakelako telefonotik argazkiekin bidaltzeko, baita geolokalizatzeko ere. Gainera, aplikazioan komunikazioen jarraipena egin daiteke, eta erabiltzaileei erantzunak iristen zaizkie.
Zerbitzua abian jarri denetik, 474 izan dira Dpostontziaren bidez jaso diren komunikazioak: orotara, komunikazio guztien % 4,63.
10.230 komunikazio
Jakak azaldu duenez, guztira, 10.230 izan dira herritarrek udalari helarazi dizkioten komunikazioak. Horietatik 3.645 kontsultak izan dira (% 35,63), 2.597 kexak (%25,38), 2.282 iradokizunak (%22,30), 1.009 parteak (% 9,86), 335 erreklamazioak (% 3,35), 199 jakinarazpenak (%1,94) eta 163 esker onak (%1,59).
Herritarrek erabili dituzten kanalei dagokienez, Interneteko Herritarren Postontzia izan da, beste urtebetez, donostiarrek gehien erabili duten kanala. Guztira, 6.820 komunikazio egin dira bide honetatik, (%66,66); telefono bidez 1.872 izan dira (%18,29); udaletxeko leihatila bidez 1.064 (%10,40), eta Dpostontzia sakelako aplikazioaren bidez 474 (%4,63).
Helarazitako gaiak
Herritarrek egindako kexa eta iradokizun gehienak Azpiegitura eta Hiri Zerbitzuen atalean egin dituzte. Guztira, 2.088 izan dira, (% 42,7), Mugikortasunekoak 700 (%14,3), Finantza alorrekoak 536 (%10,9), Udaltzaingoarenak 347 (%7,1), Udalaren Lehendakaritza sailari bideratuakoak 265 (%5,4), Ingurumena 196, (%4), Kirolak 166 (%3,4), Hirigintza 92 (%1,8), Alkatetza 81 (%1,6) eta Donostia Kultura 66 (%1,3).
Jakak hiritarrak animatu ditu Herritarron Postontzia erabiltzera eta Dpostontzia aplikazioa deskargatzera, hiria kudeatzeko tresna delako.