Proiektuak hiru igogailu izango ditu zonaldera iristeko.
Proiektuaren irudi bat. (Argazkia: Donostiako Udala)
Gaurko udalbatzak aho batez onartu du San Bartolomen Plan Bereziaren behin-behineko aldaketa. Hasierako proiektuari hainbat hobekuntza egin dizkiote, San Bartolome ingurua biziberritzeko helburuarekon. Horrela, hiritarrentzat espazio atseginen sorrera aurreikusten da, donostiar eta bisitarientzat erreferente berri batean bihurtuz. Bestalde, operazioak trafikoa lasaitzea ekarriko du, eta baita hotel baten eraikuntza ere.
Hobekuntza garrantzitsuenen artean azpimarratu dute dokumentu berriak bi igogailu berri izango dituela; ondorioz, guneak hiru igogailu izan ditzake osotasunean. Hala, hasieratik Easo kalean aurreikusten denari beste bat gehituko diote iparraldeko mazelan, eta hirugarrena hegoaldekoan, Arroka Plazan; hasiera batean eskailera mekanikoak jarri behar zituzten bertan.
Gainera, hiritarreno alegazio bat onartu ondoren, Aldapetako beheko aldea laua izango da, eta egungoa baino atseginagoa den gunea sortuko dute. Horrela, gaur egungo baranda desagertuko da, espazio zabal eta irekia sortuz.
Komentuaren aurrean dagoen eraikinaren altura ere murriztuko dute; azkenean ekipamendu pribatuetarako izango da, eta ez etxebizitzak egiteko, hasierako dokumentuak aurreikusten zuen bezala. Solairu bat gutxiago izango du.
Bestalde, %25 handituko da aparkaleku plaza kopurua – eta ez %10 prozesuan aurreikusi den bezala-. Horrela, guneak 113 aparkaleku izango ditu azaleran. Alokatu daitekeen tertziarioko azalera gordina 4.900 metru karratukoa izango da.
Balore historikoak babestuz
Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, Bainuetxearen fatxada Arroka Plazara mugituko dute, eta ekipamendu publikoa jarriko dute bertan, bere balio historikoa babestuz. Bestalde, Lizarra kaleak eta Aldapetak noranzko bakarra izango dute (lehenengoak igotzeko, bigarrenak jaisteko), inguruko rafikoa lasaituz. Autonomia kalearen ondoan ere Amara kalearen noranzkoa aldatuko dute. Burutaranen esanetan, aldaketekin hiriak irisgarritasunean irabaziko du.
Orokorrean, hiriak espazio berria izango duela nabarmendu du zinegotziak, eta inguruaren balioa handituko dela adierazi du: “Gainera, Amara Zaharrean eta Hirigunean beste ardatz bat sortuko dugu, baina ez dute bi auzoek soilik onura lortuko. Donostiak, hiri osoak, lortuko du onura».