Zhang Yimou txinatarraren 'Coming Home' filmak inauguratuko du Giza Eskubideen Zinemaldia
Apirilaren 17an emango dute, Viktoria Eugenia Antzokian.
L’ABRI (2014). Fernand Melgar. Suitza
Etxerik ez duten pertsonentzako Lausanne-ko larrialdi-aterpetxe batean negua. Ezkutatuta dagoen bunker honen sarreran, gauero, erritu lazgarri bera gertatzen da, zenbaitetan borroka bortitzak eragiten dituena. Begiraleek “pobreak aukeratzeko” lan zaila dute: emakumeak eta haurrak lehendabizi, gizonak ondoren, lekurik baldin badago. Aterpetxea 100 lagunentzat bada ere, 50 besterik ez dira sartzen. Bertan, janari beroa eta ohea ematen diete. Besteek badakite gaua luzea izango dela. Fernand Melgar suitzarrak zuzendutako dokumentala. Aurreko edizioetan emandako La forteresse (2008) eta Vol spécial (2011) lanen zuzendari bera da.
CORÍA Y EL MAR (2014). Diana Nava. Euskal Herria
Hau emakume borrokalari, saiatu, sentikor, nostalgiko, itxaropentsu, ausart eta parte-hartzaile batzuen istorioa da. Emakume hauek gai izan ziren ezerezean, paisaia babesgabeenean, bizitza eraikitzeko. Emakume sahararrak dira.
Duela 38 urte, erbesteratu zituztenean, gizonak gerrara joan ziren eta emakumeek “hiri iragankorrak” altxatu zituzten: errefuxiatuen kanpamenduak. Euren familiak, bertako administrazioa eta etxeak antolatu zituzten, eta egunerokotasun berri bat asmatu zuten itxaronaldia eta nola amaituko den ez dakigun borroka baketsu bat ahalik eta modu atseginenean burutzeko. Emakume horiek filmeko protagonisten amonak dira. Protagonista diren belaunaldi berriek jada ezin izan dute ezagutu euren herriko itsasoa. Salka, kanpamenduetako bizilagunen osasuna zaintzen diharduen farmazialaria; Mamia, bere herriko pertsona minusbaliatuen duintasunaren alde gogor lanean diharduena; Raabub, Espainiara joan zen doktore ausarta, edo Fatma eta Mulaa gazteak bezalako emakumeak. Eta emakume horietako gazteena: Coría.
THE CUT (2014). Fatih Akin. Alemania-Frantzia-Polonia-Turkia-Kanada-Rusia-Italia
Mardin, Turkia, 1915. urtea. Poliziak hiriko gizon armeniar guztiak atxilotu ditu. Horien artean familiatik bereizten duten Nazaret Manoogian errementari gaztea dago. Genozidioaren izugarrikerietatik bizirik atera eta urte batzuetara, ezustean jakiten du bere bi alabak bizirik daudela. Haiek aurkitu nahi ditu eta haien bila hasten da. Bidean oso jende diferentea ezagutzen du, bihotz oneko pertsonak, oso atseginak, baina baita oso maltzurrak ere.
Fatih Akin zuzendari turkiar-alemaniarra –Head-On / Gegen die Wand (2004), The Edge of Heaven / Auf der anderen Seite (2007), Soul Kitchen (2009)– genozidio armeniarrera hurbiltzen da, hura hasi zenetik (1915eko apirilaren 24a) ehun urte betetzen direnean.
DIFRET (2014). Zeresenay Berhane Mehari. Etiopia-AEB
Addis Abeba-n, letradu baten laguntza behar duten emakume eta haur txiroei laguntza emateko sare bat sortu du Meaza Ashenafi abokatuak. Poliziaren eta Gobernuaren etengabeko jazarpenari aurre egin behar dio. Hala ere, Hirut 14 urteko neskatxa defendatzera ausartzen da. Eskolatik bueltan bahitu eta bortxatu zuten neska honek, ihes egin aurretik, bahitzaileetako bat hiltzea lortu zuen. Bere buruaren defentsan jardun arren, Hirutek heriotza-zigorra jaso dezake, Etiopia landatarrean telefa edo bahiketa bidezko ezkontzak oraindik onartuta daudelako.
DREAMCATCHER (2015). Kim Longinotto. Erresuma Batua
Brenda Myers-Powell 25 urtez “Breezy” izenez ezaguna zen eta bere mundua kontrolatzen zuen; hori da, behintzat, berak uste zuena. Mundu horrek prostituta nerabe drogazale bihurtu zuen. Bezero baten erasoa jasan ondoren, ospitale batean esnatu zen eta bizimoduz aldatzea erabaki zuen. Gaur egun, emakume askorentzako itxaropen-iturri eta oinarri da. Emakume horiek, asko oso gazteak, indarkeria, gehiegikeria eta esplotazioaren espiraletik ihes egin nahi dute. Izan ere, bizimodu horren ondorioz, urtero, milaka emakumek prostituzioan ikusten dute bizirauteko aukera bakarra. Dokumentalak Brenda karismaduna bere egunerokotasunean jarraitzen du, emakume horien alde burutzen ari den borrokan eta lanean. Brenda emakume horien eredu bihurtu da.
Emakume bikain bati buruz Kim Longinotto-k egindako beste irudikapen bat. Sisters in Law (2005), Pink Saris (2011) edo Salma (2013) filmen egileak 2011n Zinemaldiaren Saria jaso zuen bere lanagatik.
DRILL BABY DRILL (2013). Lech Kowalski. Frantzia
Egun batean, Ukrainiako mugatik hurbil dagoen Polonia ekialdeko herri txiki bateko biztanleek jakiten dute Chevron-ek –munduko laugarren energia-konpainia garrantzitsuena– bertan putzu bat eraiki nahi duela arbel-gasa erauzteko. Hasieran ez diote kasu handirik egiten, baina pixka bat ikertu ondoren jakiten dute putzua euren abeletxeetatik hurbil edukitzea arriskutsua izan daitekeela eta mobilitatzen hasten dira. Politikariengana eta gobernu-erakundeetara jotzen dute, baina ez dute erantzunik jasotzen. Chevronen makinak bertara iritsi direla ikusten dutenean, baserritarren matxinada hasten da. Jatorri poloniarreko Lech Kowalski dokumentalista estatubatuarra –D. O. A. (1980), East of Paradise (2005), Holy Field Holy War (2013)– bertan dago eta han gertatutakoa dokumental honetan kontatzen du.
NEGAR FRANKO EGINGO ZUEN AITAK (2014). Bertha Gaztelumendi. Euskal Herria
Dokumentalak Gipuzkoako herri txiki bateko (Amasa-Villabona) gerraostea jasotzen du eta bertan “irabazle” eta “galtzaile” gertatu zirenek euren arteko harremanak nola berreraiki zituzten. Narrazioa gertakizun haiek bizi izan zituztenek lehen pertsonan egindako kontakizunen bitartez eta herriko gazteek haiei egindako elkarrizketekin egituratu da. Filmaren xedea oroimena transmititzea eta gertatutakoekin ikastea da.
LES HÉRITIERS (2014). Marie-Castille Mention-Schaar. Frantzia
Anne Gueguen bere ikasleen arazoez arduratzen den institutuko historia-irakaslea da. Aurten, urtero bezala, Annek gela zaila dauka. Haien materialismoak eta gogo-ezak zapuztuta, ikastetxeen arteko nazio-mailako lehiaketa batean parte hartzeko erronka botatzen die. Bertan, nazien kontzentrazio-esparru batean haur edo nerabe izateak esan nahi zuenari buruzko lan bat egin behar dute. Annek bere energia eta sormen guztia erabiliko du ikasleen arreta erakartzeko eta haiek motibatzeko. Muga-eguna iristen ari den neurrian, gazteak besteengana irekitzen eta euren buruan sinesten hasten dira. Proiektu honek ikasle horien bizitzak aldatuko ditu.
WE COME AS FRIENDS (2014). Hubert Sauper. Frantzia-Austria
Odisea modernoa, ia zientzia-fikzioko bidaia Afrikaren bihotzera. Sudan, kontinenteko herrialde handiena, bitan banatzen den unean, antzinako patologia “zibilizatzaile” bat azaleratzen da berriro ere, kolonialismoaren eta inperioen talkaren patologia. Aldi berean, lurren eta baliabide naturalen kontura gerra berriak eta odoltsuak (eta sakratuak) hasten dira.
Darwin’s Nightmare (2004) dokumental beldurgarriaren zuzendariak bidaia hau berak eraikitako hegazkin batetik gidatzen du. Ikuslea ustekabeko toki batzuetara eramaten du eta bertan aurkitutako askotariko pertsonaien pentsamenduak eta ametsak kontatzen dizkio. Petrolioaren arloko langile txinatarrak, NBEaren bakegileak, Sudango gerrako nagusiak, Texaseko ebanjelistak… ironiaz nahasten dira dokumental harrigarri eta liluragarri honetan.
EZ DIRA ASPALDIKO KONTUAK (2014). Zuzendaritza eta gidoia: Lourdes Imaz
Cannes-eko azken Zinemaldian aurkeztutako Zhang Yimou errealizatzaile txinatar beteranoaren film berriarekin hasiko da jaialdia. Coming Home filmean Mao Zedong-en Iraultza Kulturala amaitu ondoren preso politiko baten etxerako itzulera kontatzen da. Bertara iristean konturatzen da bere emazteak –Gong Li aktoreak interpretatua, Yimouren zinemaren musa, bere lehen filmen eta Chen Kaige, Wayne Wang edo Wong Kar-wai bezalako zuzendarien lanen protagonista– ez duela ezagutzen. Filma Geling Yan (Shanghai, 1958) idazle ezagunaren nobelan oinarritua dago. Nobela hau hogei hizkuntza baino gehiagotara itzulia dago, besteak beste, gaztelaniara. Hizkuntza honetan bi lan argitaratu dira La novena viuda eta Las flores de la guerra izenekoak. Azkeneko hau zinemara egokitu zuen Zhang Yimouk 2011n. Coming Home-n bitartez aurtengo jaialdiak, besteak beste, memoria kolektiboaren eta errepresioaren gaia tratatuko du.
Bertan ere jorratuko dira beste gai hauek: genozidio armeniarra, The Cut filmaren bitartez; neokolonialismoa, We Come As Friends lanaren bitartez; emakumearen ahalduntzea eta sexuaren merkataritza, Dreamcatcher lanaren bitartez; edo etxerik gabeko immigrazioa, L’abri filmaren eskutik.
19:00etako proiekzioen ondorengo solasaldietan, besteak beste, Jose Antonio Gurriaren –kazetaria eta Armenios, el genocidio olvidado liburuaren idazlea– edo Mbuyi Kabunda –Afrikako gaietan aditua eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Nazioarteko Institutuaren kidea– bezalako adituek hartuko dute parte.
Jarduera paraleloen artean, memoria historikoa eta frankismoaren garaiko heziketa izango dira Ez dira aspaldiko kontuak antzerki herrikoian jorratuko diren gai nagusiak. Gainera, programazioa hainbat erakusketekin osatuko da.
Film luzeen Sail Ofizialaren aurrerapena: