Selekzioko jokalariek erabilitako elastikoak, botak eta baloiak ikus daitezke, 'Ametsen bila' erakusketan
Ernest Lluch kultur etxearen areto nagusian jarri dute erakusketa.(Argazkia: Estitxu Zabala)
Ehun urte bete dira gizonezkoen euskal futbol selekzioak lehen partida jokatu zuenetik. Katalunia izan zen euskaldunen lehen aurkaria, 1915eko urtarrilaren 3an Bilboko San Mames estadioan jokatu zuten partidan. Mendeurrenaren aitzakian prestatu du erakusketa Joseba Gotzon Varelak, eta bertan, selekzioaren historiaren errepasoa jaso du. Guztira, ehun objektu baino gehiago bildu dituzte: Jokalariek urtez urte erabilitako elastikoak, botak, baloiak, epaileen txilibituak… Euskal jokalariek 1936ko Gerran idatzitako telegramak eta gutunak ere ikus daitezke erakusketan, baita jokatutako partida historikoen argazkiak eta dokumentalak ere. “Historiaren berri izatea beharrezkoa da etorkizunera begiratzeko. Espainiako Gobernua, Espainiako Futbol Federazioa eta FIFAri deia egiteko modu bat da, euskal selekzioak ofizialki jokatzeko aukera izan dezan”, azaldu du aurkezpenean Varelak, erakusketaren komisarioak. Erakusketaren irekiera ofiziala bihar egingo dute, apirilak 14, 18:30ean, eta bertan izango dira Realeko eta Eibarreko hainbat jokalari. Ondoren, hilaren 30 arte egongo da zabalik erakusketa: Astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30era eta larunbatetan, 17:00etatik 21:00etara.
“Euskal selekzioaren errepasoa egingo zuen erakusketa hirian jartzeko proposatu zigutenean, ez genuen zalantzarik izan. Selekzioari buruz gehiago jakiteko balioko digu eta ofizialtasunaren aldarrikapena egiteko”, aipatu du Josu Ruiz Kirol zinegotziak. Ehun urtez futbol selekzioak Euskal Herriaren izena lau haizetara zabaldu duela aipatu du Ruizek: “Selekzioa zalantzarik gabe gure enbaxadoreetako bat izan da”. Iñaki Gabarain Ernest Llucheko zuzendariak azpimarratu du erakusketa bertan izatea ez dela kasualitatea. Izan ere, kultur etxearen areto nagusian jarri dute erakusketa, Anoeta estadioaren azpian, Realeko museoaren ondoan, hain zuzen ere. “Gogoko dugu kirolarekin lotutako jarduerak egitea eta Donostia Kulturaren eta Donostia Kirolaren elkarlanari esker lortu dugu helburua”, azaldu du Gabarainek.
Lau zatitan banatua
Komisarioak azaldu duenaren arabera, erakusketa lau zatitan banatua dago: 1915-1936 artekoa; 1936ko Gerraren garaia; Trantsizio politikoaren urteak; eta Euskadiko Futbol Federazioaren sorreratik egungo garaira. “Lehen urteetan, Norteko Federazioak antolatzen zituen partida gehienak eta Bizkaiko Federazioak indar handia zuen. 1936ko Gerraren garaian, aro garrantzitsua izan zen selekzioarentzat; egoera politikoaren ondorioz, jokalariek euren bizitza arriskuan jarri zuten Euskadiren egoera kanpoan ezagutarazteko”, azaldu du Varelak. Gainera, garai hartako jokalariak Europa mailako onenetarikoak zirela azpimarratu du, eta oraindik Espainiako Selekzioa ez zela existitzen. “Euskadiko Futbol Federazioa sortu zenetik, beti izan du presentzia kulturak, politikak, gizarteak eta euskara”, gehitu du komisarioak.
Hainbat kolore igaro ostean, 1979an hasi zen jokatzen selekzioa elastiko berdearekin eta galtza zuriekin.