Lehen saioak gaur egingo dituzte, Altzan eta Aieten; euskara aisialdian erabiltzea da proiektuaren helburua.
Parketarrak euskara asialdian sustatzeko proiektua gaur hasiko da. (Argazkia: Donostiako Udala)
Parketarrak euskara aisialdian bultzatzeko proiektua abian da aurten ere. Gaur egingo dituzte lehen saioak, Altzan eta Aieten. Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta auzoetan antolaturiko euskara batzordeen elkarlanaren ondorioz, aurten Donostiako 11 auzotan antolatuko dituzte saioak; horrela, bi programatan banatuta dute proiektua: Zabu-zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien familientzat antolaturikoa eta Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat. Horrela, apirilaren 13an hasita, ekainera bitartean, Donostiako plaza eta parkeetan, jolasak antolatuko dira, eta doan izango dira. Urtxintza eskolak eramaten du aurrera egitasmoa, eta helburu nagusia haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea da.
Duela hiru urteko urrian antolatu zen lehendabiziko aldiz Parketarrak ekimena Martutenen, arrakasta handiarekin. Ondorioz, aurreko urteetan segida eman zitzaion. Hauek dira programan parte hartuko duten auzoak aurten: Altza, Bidebieta, Intxaurrondo, Martutene, Loiolako Erriberak, Amara Berri, Añorga, Parte Zaharra, Egia, Aiete eta Igeldo. Gainera, auzo horietan Euskara Batzordeak sortu dira eta plangintza bat aurrera eramaten ari dira euskara sustatzeko; hain zuzen ere, plangintza horien helburuetako bat euskara aisialdi eremuetan erabiltzea da.
Parketarrak apirilean, maiatzan ekainean eta urrian
Parketarrak hiru txandatan banatuko dute, hil honetan hasita, maiatza, ekaina eta urrian. Txanda bakoitzak lau saio izango ditu (astero bat) 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beste lau 6-9koentzat.
Nerea Txapartegi Euskara arduradunaren hitzetan, ekimenaren helburu nagusia familiek eta haurrek parkean euskaraz egitea da: “Jolasak lagungarriak dira horretarako, jolasen bitartez hizkuntza lantzen baita batetik eta euskara kalean erabiltzeko ohitura areagotzen da bestetik. Hizkuntzaren erabilera ludikoa lantzen da, hau da, euskaraz jolas egiten ondo pasako dute eta lagunarteko harremanak euskaraz eraikitzeko urrats garrantzitsua izango da”. Txapartegiren arabera, haurrek eta gazteek euskara eskolan bakarrik erabiltzen dute edota familian; kalean berriz, aisialdian, euskara askoz ere gutxiago erabiltzen dute eta askotan txikitatik hasten da prozesu hori.