Desobedientzia kanpaina bat abian jarri dute, Eusko Jaurlaritzari dirua ez diotela aurreratuko salatuz.
Botiken ordainketaren aurka egin dute elkarretaratzea. (Argazkia: Lide Ferreira)
Hilabetero bezala, Duintasuna Gipuzkoako Erretiratu eta Pentsiodunen Elkarteak elkarretaratzea egin du, pentsiodun bezala dituzten eskubideak aldarrikatzeko. Gaurkoan hamarnaka erretiratu botikak ordaintzearen aurka bildu dira, Askatasunaren hiribidean. “Ez gaude konforme, hori ordaindu dugu jada, gure zerga eta egindako lanaren bidez”, adierazi dute kalean bertan irakurri duten adierazpen batean.
Euren ustez, Eusko Jaurlaritzak gobernu zentralaren eta erretiratuen gustukoa izateko politika bat erabili du. Izan ere, urtean 18.000 eurotik behera irabazten dituzten pentsiodunek botiken sendagaien ordainketa berreskuratu dezakete. Baina diru hori berreskuratzeko urtebete igaro behar da, eta horretarako pentsiodunek eskaera egin behar dutela salatu dute. “Erretiratu askok ez dakite inprimakia betetzen, beste batzuk ez dute eskaera egiten… Azkenean ez dute aurretik ordaintzen duten ditu hori berreskuratzen”.
Era berean, oraindik 417 errezeta osorik ordaindu behar dituzte, baita aulki gurpildunak ere, besteak beste. “Ez dugu Eusko Jaurlaritzak gauzak erdizka egitea nahi, osasun sistema publikoa, unibertsala, kalitatezkoa, doakoa eta euskalduna nahi dugu”. Hala, erakundeei eskatzen diete neurri zehatzak har ditzatela “osasun sistema propioa” lortze aldera.
Dirua ez aurreratzeko kanpaina abian
Elkarteko kide Pedro Estombak azaldu duenez, pentsioak %0,25 igo dizkiete, baina horrek ez diela ezer lagundu aitortu du. “Gastuak ere gora doaz eta gure ahalmen ekonomikoa gero eta baxuagoa da”. Honela, pentsiodun askok botikak erosteari utzi diete eta egoera zailtzen ari dela esan du.
Horrenbestez, berrordainketaren gaian pausu bat gehiago ematea erabaki dute, eta Duintasuna elkarteak botiken sendagaiak berriro ez ordaintzeko desobedientzia zibilaren aldeko kanpaina bat abian jarri du. Modu honetan, botikak erostean gerora Eusko Jaurlaritzak itzuliko dien dirua ez aurreratzea proposatu du elkarteak. Desobedientzia zibilarekin bat egiteko dei egin diete pentsiodun eta erretiratu guztiei. “Farmazietara joatean botikak hartu eta ordaindu gabe eraman ditzatela; berrordainketarik ez du egon behar”.
Martxoa amaieran, Bretxa inguruko farmazia batean egin zuten lehenengo aldiz desobedientzia zibilaren ekimena. Apirilaren 21ean Andoainen egingo dute hurrengoa, eta modu horretan Gipuzkoa osora hedatuko dute kanpaina.