Udaleko Kultur arduradun Nerea Txapartegi eta Donostia Kulturako zuzendari Amaia Almirall. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Pozik agertu dira Nerea Txapartegi udaleko Kultur arduraduna eta Amaia Almirall Donostia Kulturako zuzendaria komunikabideen aurrean. Donostia Kulturaren 2014ko balantzearen berri eman dute bi arduradunek eta datuak oso onak direla azpimarratu dute. “Kultur hiriburutza ate joka dugun honetan, hiria jada kultur hiria dela argi geratu da. 2014a urte oparoa izan da eta pozgarria da kultur jarduerek izan duten harrera bikaina. Gainera, erabiltzaile izatetik sortzaile izatera jauzia eman dute bat baino gehiagok”, nabarmendu du Txapartegik. Guztira, 5.200 jarduera baino gehiago antolatu ditu Donostia Kulturak 2014an, eta honako arloak izan ditu kontutan: euskararen sustapena, berdintasunaren aldeko lana, parte hartzea, publikoen eraketa eta bertako sortzaileak babestea. “Kalitatezko programazio zabala eta anitza eskaini dugu, donostiarrak kulturara erakartzeko helburuarekin”, gehitu du Txapartegik. Bazkideei dagokienez, esaterako, 3.971 bazkide berri lortu ditu 2014an, eta guztira, 84.000 herritar dira bazkide.
Kultur etxeetako jarduerek oso harrera ona jaso dute, baita liburutegi sareen eskaintzak ere. Zortzi auzotan hamaika kultur etxe ditu Donostia Kulturak eta 1.360.000 bisita baino gehiago izan dituzte 2014an. Gainera, zerbitzu berriak eskaini dituzte, hala nola, Egiako Musikagelak grabazio estudioa, eta Larrotxeneko Bideoaldiak jardueraren aro berria. Donostia Kultura 333 eragilerekin elkarlanean aritu da, kultur etxeek 3.000 jarduera baino gehiago eskaini dituzte eta 286.200 herritar baino gehiago igaro dira horietatik. Ikastaroek sekulako arrakasta izan dute beste behin ere, eta antolatutako 809 ikastaroetan 10.800 lagun baino gehiagok parte hartu dute. Kultur etxeen artean, gainera, Intxaurrondok lortu duen erreferentzialtasuna aipatu dute, areto akustiko moduan. Hala, Intxaurrondok 8.500 musikazale bildu zituen eskainitako kontzertuetan.
Espazio eszeniko nagusietan -Viktoria Eugenia, Antzoki Zaharra, Gazteszena eta Lugaritz- 120 ikuskizun baino gehiago eskaini dituzte, eta 104.300 lagunetik gora izan dira antzerki eta dantza emanaldi horietaz gozatzen.
San Telmo Museoko bisitari kopurua 2013koaren antzekoa izan da, baina museoak berak kudeatzen duen Urgulleko Historiaren Etxeak askoz ere bisita gehiago izan ditu.
Donostia Kulturaren webguneak ere geroz eta bisita gehiago ditu. Guztira, 2014an, 1.673.258 bisita izan ditu; 2013ko datuekin alderatuz, %28 igo delarik bisitari kopurua. “Bertako sortzaileei zor diegu gure kultura, baina baita kotsumitzen duten donostiarrei ere, eta guztiei eskerrak eman behar dizkiegu”, aipatu du Txapartegik.
Emakumeari garrantzia ospakizunetan
Arduradunen esanetan, bereziki bultzatu dute emakumeen partaidetza eta protagonismoa jai eta ospakizunetan. Hala, lehen aldiz, Haur Danborradako pertsonaia nagusi guztiak neskak izan dira, eta San Tomas egunean emakumeen harri tiratze erakustaldia egin zuten, besteak beste.