Hainbat kirol eta kultur eragilek egin dute agerraldia Koldo Mitxelenan. (Argazkia: Lide Ferreira)
Iaz, Lea-ArtiBAI Euskarari Elkartea eta UEMA (Udalerri Euskaldunen Mankomunikatea) komunikazio protokoloa lantzen hasi ziren. Egitasmoaren helburua Euskal Herriko hedabideetan, eta bereziki ETB2n, euskararen presentzia areagotzea da, eta kazetariek herritarrei gaztelaniaz egiteko ez eskatzea, “gure herrietako errealiatatea telebistan desitxuratua ez agertzeko, euskararen prestigioaren eta normalizazio prozesuaren mesedetan”. Bada, eskualde horietan hasitakoari jarraipena eman nahi izan diote, eta Euskal Herri osora hedatu dute, hainbat kirolari eta kultur eragileren atxikimenduak batuz. Orotara, 140 aurpegi ezagunek sinatu dute eskaera, eta horietako batzuk izan dira gaur goizean Koldo Mitxelenan egin duten agerraldian, Ramon Agirre aktorea eta Maialen Lujanbio bertsolaria, tartean.
Agerraldian Pako Aristi idazleak eta Itziar Ituño aktoreak hartu dute hitza. “Euskara hizkuntza gutxitua da, eta horregatik laguntza behar du. Halere, gure hedabideetan ez da gertatzen, eta hori are eta larriagoa da denon diruarekin ordaintzen delako”. Izan ere, ETB2-ren jarrera salatu dute, euskal hiztunek gaztelaniaz hitz egitera behartzen dituztela ziurtatuz. Horrek bi ondorio nagusi dituela adierazi dute: bata, Euskal Herriko mapa linguistikoaren desitxuraketa; eta bestea, EITBren sorreran zegoen helburu nagusiaren “boikota”, hots, euskararen normalizazioa. “Euskara gero eta gehiago entzutea izango litzateke normalizazioaren garapena, euskararen paisaia erreala agertzea pantailan”.
Hortaz, EITBko zuzendaritzari honako eskaera luzatu diote: “Agindua eman diezaiela kazetari guztiei euskaldunak gaztelaniaz hitz egitera ez behartzeko”. Euskal hiztun horien hitzak azpidatziekin joan litezkela proposatu dute. Modu horretan, euskarari ikusgarritasuna, entzungarritasuna eta bizitasuna emango litzaioke euskarari, “gure herriaren oinarri, osagai eta funtsa dela agertuko luke ikusle guztien begietara”.
Eskaera euskal herritar guztiei ere zabaldu nahi izan diete. “Telebistako kamera bat hurbiltzen zaienean euskara erabiliko duten subjektu linguistiko bihur daitezen, bere gain har dezaten hitzaren ardura”.