Merkataritza suspertzea, belaunaldi aldaketa eta teknologia berrien erabilera dira hitzarmenaren ardatz nagusiak.
Enpleguaren kalitatea eta berrikuntza bultzatzea espero dute Sustapenak eta AUZOAk elkarteak hitzarmenarekin. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostiako Sustapenak eta AUZOA Altzako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzu Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute bertan enplegua eta merkataritzaren lehiakortasuna sustatzeko helburuarekin. Azken hiru urtetan hainbat hitzarmen sinatu dituzte bi aldeek, eta balantze positiboa egin dute Garapen Ekonomikoko zinegotzi Josu Ruizek, Sustapeneko zuzendari Euken Sesek eta AUZOA elkarteko ordezkari Maria Dolores Garrotek.
Horrela, hitzarmen berriak bi ardatz nagusi izango ditu: auzoko merkataritza suspertzea, programa estrategikoen bidez, eta teknologia berrien erabilera sustatzea. Akordioa Donostiako Ekonomia Sustatzeko Planaren (DESP) esparruan sortu da, eta besteak beste, tokiko merkataritza bultzatzeko asmoa dauka, enplegua epe ertainera sustatuz eta enplegagarritasuna eta lehiakortasuna ikuspegi estrategikotik hobetzeko oinarriak jarriz. Gainera, enpleguan kalitatea eta berrikuntza garatzeari lehentasuna emango diote.
Sustapeneko zuzendariak azaldu duenez, laguntza premia handiena duten auzoei begira jarri dira, eta Altza da adibide garbiena: “Altzak hiriko langabezia-tasarik altuena du (%16,1), eta hiriko gunerik biztanletsuena da (20.216 biztanle), 8,1 euroko dentsitate komertzialarekin; horregatik da horren garrantzitsua ekonomia suspertzeko ahaleginak egitea zonalde honetan”. Seseren arabera, gaur egun 164 saltoki daude auzoan, eta Donostiako denden %5,1 biltzen da bertan. Gastu bolumena eta gaitasuna berriz, 185 milioi euro ingurukoa da, eta horietatik 141 milioi inguru merkataritza txikira doaz.
Suspertzea eta teknologia berriak erabiltzea
Hitzarmenaren helburu naguietako bat merkataritza suspertzea da. Hala, merkataritzaren lehiakortasuna finkatzea, saltokiak babestea eta enplegua sortzea bultzatzea bilatuko dute, programa estrategikoak bultzatuz. Hauek dira matxan jarriko dituzten programak:
– Generazio aldaketa: merkataritzaren transmisio-kultura ezagutzera emateko sentsibilizazio tailerrak garatuko dira, hurbileko merkataritza mantentzeko neurri bezala.
– Hurbileko merkataritzan berrikuntza: 10 saltokirekin lan egingo da, bertako merkataritzarako estrategia orokorrak identifikatzeko, eredu berriak, hurbileko merkataritzaren eragileak eta e-commerce.
– Ekintzailetza: auzoan saltoki berriak sortzeko laguntza.
– Kontsumo arduratsua: kontsumo arduratsua bultzatzeko ekimenak martxan jartzea, erosketa eta aisialdi espazio desberdinetan.
Bestalde, akordioaren bigarren oinarria teknologia berrien erabilera sustatzea eta horiek erabiltzeko prestakuntza eskaintzea da; horretarako, Sustapenaren Espazioa eskainiko dute, alfabetizazioa eta teknologia berriekin hartu-emana errazteko helburuarekin. Bertako enpresa eta saltokiei laguntza eskainiko zaie haien premia digitalak identifikatzeko, hobekuntzarako proiektu teknologien aldeko apustua eginaz, enpresa-kudeaketa eraginkorragoa izan dadin, eta, horrela, negozio eta enplegurako aukera berriak sor daitezen.
31.000 euro proiektuak aurrera eramateko
Ruizen esanetan, azken hiru urtetan zehar, banako 40 aholkularitza-plan inguru egin dira, sektore komertzialaren lehiakortasuna hobetzeko asmoz, eta emaitza onak lortu dituzte: “Hiru urtetan saltokien sorrera bultzatu da, 61 enplegu inguru sortuz. 100.000 eurotik gorako inbertsioa egin da”.
Sesek ere akordioei esker aurrera eramandako proiektuak nabarmendu ditu: “Sustapen kanpainek emaitza oso onak eman dituzte, auzoko ikasleei erosketarako bonuak oparitu baitzaizkie inguruko merkataritzan kontsumitu ditzaten; horrez gain,
AltzaEkin! tailerrak, prestakuntza-jardunaldiak eta Merkataritza Eguna ere nabarmentzekoak dira”.
Zinegotziak azaldu duenez, udalak gehienez 31.900 euro jarriko ditu AUZOAren ekintzak babesteko, tartean honako hauek: programa eta neurri estrategikoak garatzea eta gauzatzea; Teknologia Berrien Zentroaren mantentze-lanak, erabilera eta sustapena; saltokien eta pertsonen artean zabaltzea; eskaintzak kudeatzea; ekintzailetza bultzatzea eta merkataritza animatzeko kanpaina.