Sudur Krosaren seigarren ekitaldia jokatuko dute. Helduak ez ezik, haurrak ere lehiatuko dira. Javier Perez izan da azkarrena Pasaiako Mendi Lasterketan.
Korrikalariak Egiako parkeko malda gogorrena igotzen, iazko ekitaldian. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Challenge Gipuzkoa herri lasterketen zirkuitua osasuntsu dago. Ibaetan jokatu zuten lehen proba, Aingeru Zaindariaren igoera dela eta, joan den martxoan. Bada, apirilaren etorrerarekin bigarren eta hirugarren lasterketei egokitu zaie txanda, eta parte hartzaile kopuruak gora egin du aurreko urteekin alderatuta.
Pasaiako Mendi Lasterketa joan den larunbatean egin zuten, eta Sudur Krosa bihar arratsaldean jokatuko dute, Egiako parkean. 17:00etan abiatuko da helduen lasterketa, eta izena ematea 15:30etik 16:30ak arte egin ahalko dute korrikalariek, 9,50 euroren truke. Aldez aurretik ere eman daiteke izena, 6,50 euro ordainduta, gaur arte: Herrikrossa.com webgunean, Egiako Tetuan tabernan eta Donostiako Laister eta U51 Kirolak dendetan, hain zuzen ere.
Haurrei zuzendutako lasterketak antolatu dituzte, hirugarren urtez jarraian, helduen proba aurretik. Sudur Txiki izena izango du berriro jarduerak, eta 0-2, 3-5, 6-9 eta 10-12 urte arteko mailak banatuko dituzte. Izena emateak 2 euro balio du.
Parte hartzaile guztiek oparia izango dute, helduek zein haurrek, eta lasterketa amaitu ondoren mokadua hartzeko parada izango da Plaza Haundin. Zozketak egingo dituzte bertan. Irutxuloko Hitzaren materiala egongo da zozketatuko diren oparien artean.
Helduen lasterketaren ibilbideak 6 kilometro izango ditu. Ohi bezala, bi itzuli emango diote 3 kilometroko zirkuituari. Baliabideen Etxera doan malda gogorra, Loiolako Erribera aldeko bidegorria, ibai ondoko eskailerak, parkera sartzeko zubia… interesgune asko ditu lasterketak. Motza izan arren, gogorra egiten da ziztu bizian korrika eginez gero. Iaz 200dik gora korrikalari bildu ziren helduen proban. Aurten, bide onean doa izena ematea.
140 korrikalari
Challenge Gipuzkoa zirkuituaren hirugarren proba izango da biharkoa. Lehenengoan, martxoan jokatutakoan, Iñigo Sardon izan zen indartsuena. Bigarrenean, joan den larunbatekoan, Javier Perez irundarrak mendean hartu zituen guztiak, 53 minutu eta 46 segundorekin.
Lehen emakumea, berriz, Nerea Amilibia aiarra izan zen, 1 ordu 3 minutu eta 22 segundoko denborarekin.
Ulian barrena egindako lasterketari dagokionez, Pasai San Pedroko frontoian izan zuen irteera eta helmuga. Itsasargiko errepidea hartu zuten lasterkariek, eta bi bira eman zizkioten mendian antolatutako 13 kilometroko ibilbideari. Eguraldia lagun, inoiz baino parte hartzaile gehiago hurbildu ziren: 140 lasterkariek eman zuten izena, iaz 100 korrikalarietara ez zirenean iritsi.
Hamabi lasterketek osatzen dute 2015eko Gipuzkoako XIII. Challengea, eta horietako zazpi Donostian aurreikusita daude: Ibaetako jaietako krosa (martxoan), Egiako Sudur Krosa (apirilean), Herrerako jaietako krosa (ekainean), Loiolako jaietako krosa (uztailean), Jolastokietako Krosa (irailean), Porrontxotako Krosa (irailean) eta Martuteneko jaietako krosa (urrian).
Horiekin batera, Pasaiako Mendi Lasterketa (apirilean), Astigarragako jaietako krosa (uztailean), Trintxerpeko lasterketa (uztailean), Adunako krosa (abuztuan) eta Pasaiako Faro de la Plata igoera (irailean) daude.