Udalak 'Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz' kanpaina sustatzeko ekintzak egingo ditu hil honetan.
Donostiako merkataritza guneetako ordezkariek bat egin dute kanpainarekin. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostiako 615 denda eta tabernak euskaraz lehen hitza egiteko kanpainarekin bat egin dute. Euskara arduradun Nerea Txapartegik gaur aurkeztu du
Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz kanpainaren bigarren fasea, eta emaitza oso positiboak eman dituela adierazi du. Txapartegirekin izan dira Lurdes Lazaro Sshops Donostiako ordezkaria, Jabier Ferreras Gipuzkoako Merkatarien Elkarteko ordezkaria, Jose Maria Agirre Juantxo Tabernako tabernaria, Nora Agirrezabala Panpox Modako dendaria eta Karmen Urretabizkaia herritarra eta kontsumitzailea.
Kanpainaren bigarren fase honetan, Antigua, Ibaeta, Erdialdea eta Amarako dendak bisitatu dituzte eta guztira 290 dendak bat egin dute proiektuarekin. Bestalde, Txapartegik gogora ekarri du lehen fasean Parte Zaharra, Intxaurrondo eta Donostiako 9 kale komertzialetako (Secundino Esnaola, Karmengo Andre Maria, Antso Jakituna, Madril hiribidea, Garibai, Hondarribia, Urbieta, Matia eta Larratxo) merkatal guneak bisitatu zituztela eta 301 denda eta tabernak parte hartzea erabaki zutela. Horrez gain, hiriko beste 24 lokalek Euskara Zerbitzuaren webgunearen bidez egin dute eskaera.
Txapartegiren esanetan, 615 denda horietan bezeroei arreta eskaintzen ari diren langileen erdiak edo gehiagok euskaraz ondo hitz egiteko gaitasuna du: “Euskaraz lehen hitza egingo dutela jakinarazteko eranskailu bat jarri dute, identifikatu egin dira; gainera, euskaraz egiteko konpromisoa hartu dute eta bezeroari aukera hori bermatuko diote”. Kanpainarekin bat egin duten denak
webgunean jarritako mapa interaktiboan ikus daitezke.
#ereeuskaraz ekimena sustatzeko kanpaina kalean
Horrela, bihartik aurrera kanpainaren informazioa zabaldu eta herritarren parte hartzea sustatzeko, postu ibiltariak jarriko dituzte Erdialdean, Amaran eta Antiguan:
– Apirilak 17, ostirala, 17:30-21:30 Loiola kalean
– Apirilak 18, larunbata 11:00-14::00 Gaskonia plazan, Antigua
11:00-14:00 Easo Plaza (Amaran)
17:30-21:30 Bulebarrean
17:30-21:30 Loiola kalean
– Apirilak 24, ostirala 17:30-21:30 Elkano kalean,
– Apirilak 25, larunbata 11:00-14:00 Jose Mª Sert plazan, Antigua
11.00-14:00 Easo plaza (Amaran)
17:30-21:30 Errege Katolikoen kalean
17:30-21:30 Bulebarrean
Postu horietan herritarrek esaldiren bat idatzi edo marrazkiren bat egin ahal izango dute, eta baita kanpainarekin loturiko materiala eskuratu ere (globoak, txapak, orri markatzaileak). Horrez gain, argazkiak ateratzeko gune bat ere egongo da. Txapartegik adierazi du ekimen horietan parte hartzen duten herritarrek lehiaketa batean parte hartuko dutela, eta guztien artean 50 euroko 10 sari banatuko dira, irabazleek diru hori egitasmoan parte hartzen duten dendetan gastazeko. Azkenik, euskararen erabilera sustatu eta ekimena ezagutzera emateko #ereeuskaraz kanpaina abian jarriko dute Twitter-en.