Citybranding egun osoko egitaraua antolatu du Sustapenak bihar Kursaalen.
Europako hiri arrakastatsuenen ereduak ikusgai izango dira udalak eta Sustapenak antolatutako kongresuan. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Udalak eta Sustapenak
Citybranding Kongresua: Nola komunikatzen dute munduko hiririk arrakastatsuenek beren marka? kongresua antolatu dute bihar, Kursaalen. Garapen Ekonomikoko zinegotzi Josu Ruiz eta Sustapeneko zuzendari Euken Sesek aurkeztu dute programa.
Egun osoko egitaraua prestuatu dute; Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek ongi etorri hitzaldia egingo du 9:30etan, eta handik aurrera Europako hamar hiritako adituak bilduko dira, citybranding-em kasu praktikoak eta komunikatzeko tresna berriak azaltzeko. Sesek azaldu duenez, aditu horien artean lehen mailako hizlariak aurkitzen dira, hala nola, Andy Stalman edo “Mr. Branding”, Europako eta Latinoamerikako espezialistarik onenetarikoa marka-arloan, eta David Adam, Pekin edo Londresko Olinpiadetako branding estrategiaren asmatzailea.
Kongresuaren helburua Donostia Berrikuntzaren Hiri gisa posizionatzea dela adierazi du Sustapeneko zuzendariak, Europako AT BRAND proiektuak babestutako lan-prozesuaren eta berrikuntzarekin lotutako agenteek osatutako lan-taldearen bitartez. Donostiak proiektuan parte hartzen du, Liverpool, Cardiff, Dublin, La Rochelle edo Faro hiriekin batera. Hain zuzen ere, beste hirietako esperientzien bidez ikastea da biharko egunaren helburua.
David Adam-ek, Global Cities-en zuzendari sortzaileak —erakundeei eta hiriei globalizazioaren bidez hazkunde ekonomikorako aukerak maximizatzen laguntzen dien agentzia liderra eta Pekin eta Londresko Olinpiadetarako branding proiektuaren asmatzaileetariko bat—, saioa testuinguruan kokatuko du, komunikazioa balio estrategikotzat hartzen den hiriaren nazioartekotze-esparruan.
Sarrera horren ondoren, citybranding-ean adituak direnek Europako hiri ezberdinetako (Liverpool, Dublin, Zurich, Oslo, Bartzelona, Cardiff, Cork,…) esperientziak eta kasu arrakastatsuak azalduko dituzte; hain zuzen ere, nola sortu hiri baten marka parte-hartze publiko-pribatuarekin, zeintzuk diren komunikazio berritzailearen ekintzak eta erremintak, negozioak bultzatzeko komunikazio-praktika nabarmenak, saio edo emanaldi handien kapitalizazioa komunikazioaren aldetik, besteak beste.
Sarrera doakoa da, baina aurrez izena ematea eskatu dute.