Francisco Escudero Kontserbatorioan eta 2016 Gunean eskola bereziak, hitzaldiak eta musika emanaldiak egingo dituzte
Zo-zongo perkusio taldeko kideak, euren entsegu lokalean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Kontserbatorioetako eta musika eskoletako perkusio ikasleek egun berezia antolatu dute astebururako: Epik II, Euskal Perkusio Ikasleen Topaketa. Zehazki, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako musikariek bat egingo dute Donostian larunbatean, elkarrekin jardunaldi berezi batetaz gozatzeko. Easo kalean dauden Francisco Escudero kontserbatorioan eta 2016 Gunean bilduko dira ikasleak, hainbat adituren eskutik eskola bereziak jasotzeko; eta egunari bukaera emateko, batukada bat egingo dute hiriko kaleetan barrena, Artzain Onean bukatuz. Jarduera guztiak irekiak eta doakoak izango dira.
Eskola bereziak, guraso eta ikasleei zuzendutako hitzaldiak, eta kontzertuak izango dira Epik osatuko dutenak. Zehazki, Jesus Soldevilla, Antonio Domingo, Jabi Alonso, Olaia Montoia, Felix Divar eta Javi Area irakasleak arduratuko dira eskolak zuzentzeaz, eta Musikeneko perkusio taldea eta Zo-zongo izango dira eguna alaituko dutenak, baita hainbat musika eskoletako taldeak ere. Hala, pedagogiak eta aisiak bat egitea nahi dute antolatzaileek.
Nahi duen guztiak 2016 Gunera sartzeko aukera izango du, 18:30ean, orduan hasiko baitira kontzertu irekiak.
Iaz antolatu zuten lehen aldiz Epik, Irungo musika eskolan, eta izandako arrakastari esker, esperientzia errepikatzea erabaki dute.
Epik II. Apirilak 25.
EGITARAUA
- 10:30. Ongietorria eta aurkezpena Francisco Escudero kontserbatorioko zuzendariaren eskutik.
- 10:45 – 11:30. Gorputz perkusioa; ikasle hasiberrientzat eta gurasoentzat. Irakaslea: Antonio Domingo (Musikene).
- 10.45 – 11.30. Marinba; profesionala. Irakaslea: Javier Alonso (Musikene).
- 11.35 – 12.20. Ha Laminak. Irakaslea: Olaia Montoia (Jesus Guridi kontserbatorioa, Gasteiz).
- 11.35 – 12.20. Multiperkusioa, profesionala. Irakaslea: Felix Divar (Jesus Guridi kontserbatorioa, Gasteiz).
- 11.35 – 12.20. Hitzaldia: La musica como asignatura troncal; gurasoentzat. Hizlaria: Antonio Domingo (Musikene).
- 12.25 – 13.10. Bateria, hasiberrientzat. Irakaslea: Javier Area (Astigarragako musika eskola-Zo Zongo).
- 12.25 – 13.10. Hitzaldia: Desarrollo y experiencias de un percusionista. Hizlaria: Jesus J. Soldevilla (EOSeko kide ohia).
- 13.30. Musikeneko perkusio taldearen eta Zo zongo taldearen kontzertua.
- 14.30. Bazkaria (2016 Gunean).
- 15.45 – 16.30. Zo Zongo Tuttiren entsegua.
- 15.45 – 16.45. Irakasleen topaketa.
- 16.45 – 18.10. Ikasleen entseguak.
- 18.30. Kontzertu irekiak eta ondoren batukadaren irteera.