Gizarte Ongizateko zinegotzi Jon Albizuk iazko datuen memoria aurkeztu du gaur, eta azken lau urtetan inbertsioa %7,74 igo dela nabarmendu du.
Gizarte Ongizatearen memoria aurkeztu dute gaur. (Argazkia: Lide Ferreira)
Gizarte Ongizateko zinegotzi Jon Albizuk iazko datuekin memoria aurkeztu du gaur udalean, eta azken lau urtetan inbertsioa %7,74 igo dutela nabarmendu du. Horrela, hasierako 22.134.160 euroetatik 23.993.809 eurora hazi da alor horretara bideratutako diru kopurua. Bereziki agintaldiaren azken bi urtetan igo dute inbertsioa, % 57,9 (13.899.388 euro), eta hala, donostiarren eskubideak “bermatuta” daudela adierazi du zinegotziak. Iaz, guztira 16.582 espediente tramitatu zituzten, eta gizarte larrialdietarako laguntzen bidez 2.270.430 euro banatu zituzten 2.613 familien artean; diru horretarik udalak 949.000 euro jarri ditu, eta laguntzen %54 etxebizitzaren inguruko arazoekin lotuta daude, izan ere, hipotekaren gastuetarako laguntza eskaerak handitu egin dira. Dena den, hausnarketarako hainbat datu ere aipatu ditu, esate baterako, emakumeen egoera; datuen arabera, gizarte larrialdietako laguntza eskaeren %64,8 emakumeek egin zituzten, eta iaz guztira 171 emakumek behar izan zituzten gizarte zerbitzuak genero indarkeriaren kontrako programetan.
Horrekin batera, iaz gizarteko segmentu kaltetuenei laguntzeko dirulaguntzetatik 1.455 laguni eman zieten zerbitzua, eta horietatik 785 emakumeak izan ziren. Albizuk adierazi du gai horri aurre egiteko moduak aztertuko dituztela: “Bazterketak emakume aurpegia dauka, eta arreta deitu digu laguntza behar duten emakumeen kopurua gizonezkoena baino nabarmen handiagoa dela. Horregatik, gai horren inguruan hausnarketa egitea erabaki dugu”.
Bestalde, azken lau urte hauetan 239 familiatik 679ra igo dira udalaren laguntzak, eta alor horri eskainitako ditu kopurua ere 220.205 eurotik 783.136ra pasa da. Etxez etxeko laguntzen igoera aipatu du Albizuk, atal horretara eskanitako laguntza 1.748.712 eurotik 3.142.191 eurora igo baita. Bestalde, gizarte larrialdietarako laguntza Eusko Jaurlaritzaren ardura dela salatu du zinegotziak, eta egin ez duen ekarpena udalak osatu duela adierazi du: “Udalak 2.154.406,69 euro bideratu ditu aurten gizarte larrialdietako laguntzetara; kopuru handia da, eta berez alor hori Eusko Jaurlaritzak babestu beharko luke. Dena den, donostiar guztiak babestuko dituen ongizate zerbitzu sare zabala eraiki dugu lau urte hauetan”.
Etxebizitza eta hipotekak ordaintzeko laguntzen %43 erabili du udalak, guztira 340.000 euro, eta laguntza fiskaletan ete 184.684 euro inbertitu dituzte. Albizuren esanetan, alor horrek igoera nabarmena jasan du azken urteetan.
Azpiegiturak eta zerbitzuak
Azpiegiturei dagokienez, Loiolako Erriberetan gizrte zerbitzuetako bulego berria eraikiko dutela adierazi du Albizuk: “Eraikitzen hasteko lanak maiatzaren lehen hamabostaldian hasiko dira, eta hala, jada hiriak dituen zazpi bulegoen lana osatuko du”. Guztira 13.615 lagun hurbildu ziren iaz bulego horietara, 2013an baino %3,7 gehiago. Horietatik 3.080 lehen aldiz gerturatu ziren gizarte zerbitzuen bulegoetara.
Bestalde, Gaueko Aterpea Neguko Aterpe izatera pasa dela gogoratu du zinegotziak: “Aurten 9.654 gaualdi egin dira bertan, eta betetze maila %90 izan da”.
Jubilatuei laguntza berriak
Pertsona helduen programei 3.152.724 euro bideratu ditu udalak, eta hiriaren %22 direla kontuan hartuta, jarduera berriak egingo dituzte. Etxez etxeko zerbitzuaren prezio publikoa jarri dutela aipatu du Albizuk, jubilatuek beren etxeetan egoteko aukera izan dezaten; programa horrek Donostia Lagunkoia izena du, eta helduek gizartean modu aktiboak parte hartzeko laguntza eskaintzen du: “Prezio publikoa jarrita, kopagoa jaistea lortu dugu”. Iaz 468 eskaera berri jaso zituzten, eta guztira 1.535 lagunek jaso zuten zerbitzua. Horregatik, Martutenen, Atotxan eta Bidebietako Jubilatuen etxean Adineko Pertsonentzako Eguneko Arreta Zerbitzuak irekiko dituzte,
Goizaldiak izenekoak, isolamendu arrizkuan daudenei zerbitzua emateko.
Adin txikikoei arreta
Albizuk gogora ekarri duenez, udalak soilik arreta txikia edo ertaina behar duten kasuak hartzen ditu bere gain, eta kasu larrienak berriz Aldundiaren esku daude. Horrela, iaz 678 kasu hartu zituen udalak bere gain. Alor horretan 2.156.147 euro inbertitu eta bi programa jarri zituen martxan, SafeCare eta Incredible Years.