Gazteentzako aldi baterako apartamentuen itxaron zerrendan sartzeko zozketa ere ireki du udalak.
Etxebizitzen zozketetan parte hartzeko baldintzak onartu ditu udalak. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Etxegintzak Berion (Etxegi-Goienetxe promozioa) eraikiko diren babes ofizialeko 48 etxebizitza eta 44 tasatuen zozketaren oinarriak onartu ditu udalak gaur. Etxegintzako zinegotzi Ricardo Burutaranek azaldu duenez, eraikitzeko baimenak tramitatu dituzte, eta Etxegintzako Administrazio kontseiluak 3.740.000 euroko kreditu operazioa esleitu du bere finantziaziorako.
Horrekin batera, gazteentzat aldi baterako 283 apartamentuen itxaron zerrenda zozketatzeko oinarriak onartu dituzte ere; etxe horiek Argel Pasealekuko 2an, Pinu Bidea 27an, Ignacio Ugarte Plaza 1ean, Benta Berri Plaza 6an eta Marañon Doktorearen Pasealekuko 22an dauden apartamentuak dira, eta 5 urteko epea amaituta, itxaron zerrendan sartzeko zozketa ireki dute berriz ere.
Hala, bai Berioko etxeetarako zein gazteen apartartamentuetarako izena emateko epea maiatzaren 8a arte egongo da irekita. Burutaranek bi zozketetarako baldintzak zehaztu ditu:
Berioko etxeetarako baldintzak
Etxebizitza tasatuen esleipendunek ezingo dute beste etxebizitzarik eduki. Gainera, etxebizitza tasatuen zozketan parte hartu nahi ez dutenek uko egiteko aukera izango dute, etorkizunean zozketetatik baztertu gabe. Burutaranen esanetan, neurri honi esker, jende gutxiagok egingo die uko etxebizitzei eta horrela adjudikazioa arinduko dute. Ez da gauza bera gertatuko alokairuzko etxebizitzen kasuan, izan ere, etxebizitza bati uko egiten diotenek 2 urte pasako dituzte beste zozketa batean parte hartu ahal izan gabe.
Alokairuzko etxebizitzen esleipendunak diren elkarbizitza unitateek alokairua diru-sarreren arabera ordainduko dute, etxebizitza publikoaren alokairuaren prezioa ezartzeko modurik bidezkoena delako zinegotziaren arabera.
Zozketan parte hartzeko hiru baldintza daude:
1.- Donostian bizitzea: azken bost urteetatik hirutan etxebizitza tasatuetara sartzeko eta urte oso bat alokairuko etxebizitzen kasurako. Beste aukera batzuk dira, Donostian azken hamar urteetan lan egin izana, edo azkeneko hiru urteetan, azkeneko 15 urtetako 5etan erroldatuta egon izana.
2.- Etxebizitza beharra izatea.
3.- Baldintza ekonomikoei dagokienez: etxebizitza tasatuentzat 25.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak eta 50.700 euro gehienez. Alokairuko etxebizitzentzat 3.000 eta 39.000 euro artekoak izango dira eta mugikortasun urritu, minusbaliatu psikiko eta etxeko bortxakeriaren biktimen kasuan 0 eta 39.000 euro artean.
Zozketa
Maiatzaren 8ra arte izango da izena emateko epea eta ondoren datuak aztertuko dituzte. Zerrendak hamar lanegunez jarriko dira ikusgai Etxegintzako bulegoetan eta udalaren web gunean. Onartzen ez diren espedienteekin erreklamazioak jartzeko aukera izango da bulegoetan.
Parte hartuko dutenen behin-betiko zerrenda iragartzen den unean bertan, zozketaren eguna, ordua eta tokia zehaztuko dira. Ekitaldi berean baina banatuta zozketatuko dira babes ofizialeko etxebizitzak eta tasatuak.
Gazteentzat apartamentuak
Berioko etxebizitzen kasuan bezala, maiatzaren 8ra arte izango da izena emateko epea. Baldintzak dira 18 eta 31 urte artean edukitzea eta Donostian bizitzea azken urte osoan, edo azken bostetako hirutan, edota hirian azkeneko bi urteetan lanean aritu izana.
Baldintza ekonomikoei dagokienez, diru-sarrerak 3.000 eta 39.000 euro artekoak izango dira eta mugikortasun urritu, minusbaliatu psikiko eta etxeko bortxakeriaren biktimen kasuan 0 eta 39.000 euro artekoak. Etxebizitzaren beharra dagoela frogatzeko baldintza ezarri dute ere.
Kasu honetan ere, behin-behineko jarriko dute. Erreklamazioak erantzun ondoren, behin-betiko zerrenda argitaratuko dute eta zozketaren eguna, ordua eta lekua ezarriko dituzte. Gainera, aldi baterako apartamentu hauetarako dauden plaza libreak okupatzeko itxaron zerrendak egingo dituzte. Uko egiteak bi urtez zozketetan parte hartzeko aukera galtzea ekarriko du.