Gure Esku Dago Anoeta Estadioan egingo duten jaialdirako materiala saltzen eta informazioa ematen hasi da Etxaide kalean ireki duen lokalean.
Gure Esku Dago dinamikako kideak, ekainaren 21eko ekintza masiboaren aurkezpenean. (Argazkia: Gure Esku Dago)
Iaz Durango eta Iruñea lotu zuten eskuz esku, eta aurten hautetsontzi erraldoiak eraikiko dituzte. Donostian Anoeta estadioa izango da erabakitzeko eskubidearen aldeko ekintza masiboa. Hiriburuak borondatez bete nahi dituzte. Horretarako, hautetsontzi erraldoiak eraikitzen ari dira, azken hilabeteotan
herriz herri biltzen ari diren oihal-zatiak elkar josita.
Gure Esku Dago dinamikako kideak jada lan eta lan ari dira ekainaren 21eko jaialdiari begira. Bertan parte hartu nahi duten herritarrei informazioa eman eta egun horretarako prestatu duten materiala saltzeko denda bat ireki dute Erdialdean, Etxaide kaleko 8. zenbakian.
Ekainaren 21ean, 12:30ean, giza kateak egingo dituzte hiriburuetan, herri eta auzoetan josten ari diren oihalekin osatutako giza kateak. Arratsaldean, 17:30ak inguruan, ekitaldi nagusia egingo dute: jositako oihalen bitartez hautetsontzi erraldoiak eraikiko dituzte Anoeta estadioan, Bilbon (San Mamesen), Gasteizen (Buesa Arenan), Iruñean (zezen plazan) eta Baionan (zehazteke).
Jende andana espero dute Anoetako jaialdian, eta edukiera arazoak saihesteko, sarrera lortu beharko da. Helduentzako sarrera 10 eurotan eskura daiteke, eta haurrentzako sarrera 5 eurotan. Sarrerak azkar agortuko direlakoan daude antolatzaileak.
Donostiako dendan ez ezik, sarean ere eskuratu ahal izango dira sarrerak. Gure Esku Dagok aurtengo ekitaldirako kamiseta berezi bat prestatu du, eta ekainaren 21eko parte hartzaileei soinean eramateko eskatu die. Kamisetak salgai daude jada lokalean eta online dendan.