Donostiara iritsi berri direnak hirian aktibo izatea eta harreman sarea sortzea da protokoloaren helburua.
Kultur Aniztasunaren sailak harrera protokoloa aurkeztu du gaur. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostiako Udalaren Kultur Aniztasun sailak hirira bizitzera datozenei ongi etorria egiteko harrera protokoloaren diseinua aurkeztu dute gaur. Bertan izan dira Kultur Aniztasuneko zinegotzi Naiara Sampedro eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteko eta SOS Arrazakeria Elkarteko ordezkariekin batera.
Bi urtetan diseinatu dute protokoloa, eta Gros eta Intxaurrondo izango dira proiektua martxan jarriko duten lehen auzoak. Hiru urratsetan banatu dute:
–
Lehen kontaktua: Iritsi berriak lehen kontaktua ezagunekin edo elkarteekin izan ohi ditu. Ondoren, denbora bat pasata, erroldatu egiten da (edo ez) eta une horretan administrazioarekin lehen harremana izaten du. Udalak, ongi etorri ekitaldia egiten die erroldatuei hiru hilabetean behin, eta erroldatu ez direnei ere hiriaren informazioa eskaintzen die.
–
Oinarrizko beharrak asetu eta hizkuntzak ikastea: Hirira iristen diren guztiek ez dituzte oinarrizko beharrak asetu behar, baina gabezia hori dutenei udalak laguntza eskainiko die, horiek gabe integratzea zaila delako. Hizkuntzak ikasteko baliabideak ere luzatuko dituzte.
–
Auzoen proposamena: Erroldatu ondoren, auzoetan integrazioa bultzatzeko eta hiriaren parte aktibo bihurtzeko ekitaldiak antolatuko dituzte. Auzo bakoitzean dinamizatzaile bat jarriko dute, auzotar eta elkarteekin harremanetan jartzeko, eta jai zein ekintza ezberdinen bitartez, etorri berriak eta auzotarrak modu natural eta erlaxatuan elkar ezagutzea izango da helburua.
Sampedroren esanetan, harrera protokolo honen helburua etorri berriak eta donostiarrak integrazio kontzeptua ondo ezagutzea da, eta hiru zatitan banatu du; sozioekonomikoa, kulturala eta politikoa: “Udala hor dago etorri berrien beharrei erantzun eta laguntza eskaintzeko, baina gure helburua hori baino gehiago izatea da; ez dugu soilik laguntza eskaini nahi, etortzen diren horiek emateko dutena ere balioan jarri nahi dugu, eta horretarako ezin bestekoa da integrazio kontzeptua bere osotasunean ulertu eta zuzen egin dadin lan egitea”.
Alkateak gaineratu du Donostian “inor ez dagoela soberan”, eta elkarteen lana goraipatu du: “Hasieratik hiritar sentiarazten laguntzen dute elkarte zein norbanakoek, eta horien guztien lana benetan garrantzitsua da, ez baitugu ahaztu behar Donostiako %42 ez direla hirian jaiotakoak, eta horietatik %34 Euskal Herritik kanpo jaio zirela. Hiria anitza da beraz, eta hori zaindu behar dugu”.
Ekainean proiektuaren lehen balorazioa egingo dute, eta ondoren, protokoloa behin betiko diseinatuko du udalak.