Bera Berak IV. Kros Berdea antolatu du iganderako; Nora Alegre lasterketako koordinatzailearen esanetan, ingurumenaren aldeko jarrera baikorra bultzatu nahi dute
Iazko Kros Berdearen irudia. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Bera Bera kirol elkarteak Kros Berdea antolatu du aurten ere, laugarren aldiz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Lasterketaren antolatzaileek argi dute kutsadurarik gabeko kirol jarduera bat antolatzea posible dela, eta horretarako lanean dihardute. “Kirol jarduera iraunkor bat egin daitekeela erakutsi nahi dugu”, adierazi du Nora Alegre lasterketako koordinatzaileak, aurkezpenean. Kros Berdea igandean izango da, 11:00etan, eta bost kilometroko ibilbidea izango du, Saguesen hasi eta bukatuko delarik. Izen ematea
Kirolprobak.com webgunearen bidez egin behar da; 11 euro balio du eta partaide bakoitzak jarritako euro bat ingurumenaren aldeko proiekturen batetara bideratuko dute. Pixka bat entrenatu ezkero, edonork egin dezakeen lasterketa dela ziurtatu du Bera Berako Oihane Saratxagak: “Ibilbide laua da, 14 urtetik gorakoek parte har dezakete eta ia edonork egiteko modukoa da. Momentuz, 200 lagunek eman dute izena, baina eguraldi ona iragarri dutenez 300 lagunetara iristea espero dugu”. Sagues, Bulebarra, Kontxa pasealekua eta Parte Zaharra igaroko dituzte partaideek; izan ere, iaz bezalaxe, ezingo dute Pasealeku Berritik igaro, itxia dagoelako.
Alegreren hitzetan, lasterketetan sortzen zen zikinkeria ikusi ostean sortu zitzaien kros iraunkor bat egitearen ideia. “Kros Berdeko koordinatzailea izateaz gain, korrikalaria naiz, eta lasterketetan bi ordutarako zenbat zabor sortzen zen ikusten nuen; ur botilak, txipak eusteko bridak, zinta pila bat… “. Hala, Kros Berdea antolatu zuten lehen aldiz 2012an, eta aurten ere ez du hutsik egingo. “Txosten bat osatu genuen lasterketa iraunkorra izateko jarraitu ditugun pausoekin, eta
krosaren webgunean ikus daiteke. Azken batean, ingurumenaren aldeko jarrera baikorra bultzatu nahi dutela azaldu du Alegrek: “Lasterketan jasoko duten guztia iraunkorra izango da; ura edalontzi biodegradagarrietan, fruitu naturalak, bridarik gabeko txipak… lasterketako hizlariak ere sentsibilizazio lana egingo du”. Jogurtak ere banatuko dituzte partaideen artean, eta ondoren, potoekin tailer bat egingo dute, berrerabiliak izan daitezen. Gainera, partaide bakoitzak kotoi naturalez egindako elastiko bat eta sagardo botila bat jasoko du opari gisa.