Donostian hiru konpostagune berri jarriko dituzte, Ulian, Intxaurrondon eta Bidebietan.
Goiz osoko programa antolatu dute igandean, konpostaren inguruko informazioarekin. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
“Konpostaren festaren helburu nagusia auzo eta etxe konposta bultzatzea da” adierazi du Axier Jaka Ingurumen zinegotziak. Bulebarrean izango da festa, eta egitarau zabala prestatu dute horretarako. Goizeko 11:00etan hasi, eta 13:30 bitarte familiak eta haurrak konpostaren inguruan informatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte, esate baterako, etxe eta auzo konpostaren inguruko erakusketa, mahai informatiboa, eta Konpostartistak eskulanak. Gainera, Margari Zientzialarik eta Xixariok haurrei zuzendutako emanaldia egingo dute; bigarren emanaldi bat ere egingo dute 12:30ean. 12:00etan eta 13:00etan, aldiz, konpostaren jolasa egingo dute, eta ondoren sari banaketa hasiko da. Festari amaiera emateko, hamaiketakoa egingo dute.
Jakak azaldu duenez, Bulebarrean bertan 15 x 10eko haima jarriko dute, eta bertan izango dira informazio puntua, konpostaguneak eta erakusketa. Informazio puntuan herritarrek informazioa lortu nahiz zalantzak argitzeko aukera izango dute. Horrekin batera, auzokonposta eta etxekonposta programetan izena emateko aukera izango dute.
Konpostagunea ere izango da bertan, bi konpostagailurekin, eta bertan ikusi ahal izango da materia konpost bihurtzearen prozesua. Ohiko guneaz gain,
Etxola izeneko modelo berria deiturikoa ere erakusten duen maketa izango da bertan.
Erakusketa eremuan, auzo konpostaren esperientzia erakusketan duten kartelak jarriko dira, erakusketa moduan. Konposta nola egiten den azaltzen duten kartelak ere izango dira.
Konpostagune berriak
Jakak iragarri duenez, hiru konpostagune berri izango dira laster Donostian, zehazki, Ulian (Haztegietako partzelan, Auzo Elkarteak kudeatzen duena), Intxaurrondon (kultur etxearen ondoan) eta Bidebietan (Serapio Mugica ibilbidean). Ulia eta Intxaurrondokoak
Etxola modalitatekoak izango dira (4 m3koak), eta Uliakoa ohiko konposgunea izango da.
Izena emateko epea zabalik izango dute auzotarrek maiatzaren 4ra arte. Horretarako, hiru bide dituzte aukeran: ingurumena@donostia.org helbidera idaztea, 943483390 telefono zenbakira deitzea edo Cristina Eneako Mandaseko Dukearen Jauregira bertaratzea.
Bilketa datuak
Donostian Añorgan, Igeldon, Zubietan, Aieten, Ibaeta, Morlans eta Martutenen badira dagoeneko auzokonposta egiteko guneak. Bakoitzean zortzi eta 19 familia artean ari dira konposta egiten, guztira 81 familia.
Hauek dira konpostatu diren biohondakinak konpostaguneak abian jarri zirenetik: Añorga Txikin (2013) 15200 kg; Igeldon (2013) 8000 kg; Aieten (2013) 10800 kg; Morlansen (2014ko azaroa) 2900 kg; Martutenen (2014ko abendua) 2050 kg; eta Ibaetan (2014 abendua) 1260 kg.
Etxe konpostan, aldiz, 734 familia ari dira, eta urtean 347 tona inguru konpostatzen dute.