Hamalau stand, haurrentzako tailerrak, irakurketa publikoak eta deskontuak izango dira nagusi ostegunean.
San Jeronimo kaleko ekitaldi aretoan egin dute aurkezpena. (Argazkia: Lide Ferreira)
Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, Donostia Kulturak eta Liburu Denden elkarteak egitarau zabala prestatu dute ostegunerako. Gipuzkoa plazako Liburu Azokako hamalau stand, heldu zein haurrentzako jarduerak, erosketetan beherapenak… denetarik izango du aurtengo ekitaldiak. Halaxe azaldu dute gaur goizean udal gobernuko Euskara eta Kultura arduradun Nerea Txapartegik, Liburutegi Zerbitzuko arduradun Arantza Urkiak eta Liburu Denden elkarteko presidente Andoni Arantzegik, San Jeronimo kaleko ekitaldi aretoan egin duten agerraldian.
Egun osoan zehar helduentzako eta haurrentzako jarduerak antolatu dituzte. Txikientzako, goizean, ipuin kontaketak egingo ditu Peru Magdalenak; arratsaldean, Mirri eta Txiribiton pailazoen saioan 2014ko haur irakurle onenen sari banaketa egingo dute. “Irakurketa txikitatik praktikatzeari arreta berezia jarri nahi diogu; horregatik, iaz liburu gehien mailegatu dituzten hamar haur sarituko ditugu”, azaldu du Txapartegik. Saritu bakoitzari 30 euroko txartel bat emango zaio, hiriko liburudendetan liburuak erosteko. Era berean, Gipuzkoako Txinatar Institutuaren lankidetzari esker, txinatar letrak eta orri markagailuak lantzeko haurrentzako tailerrak egongo dira.
II. Mundu Gerraren urteurrena
Helduen jarduerei dagokienez, II. Mundu Gerraren urteurrena dela eta, irakurketa publikoa gai horretan girotuak dauden eleberriakin egingo dute. Fernando Rey itzultzaileak literatura unibertsaleko hiru eleberriren zatiak irakurriko ditu euskaraz. Donostia Book Club taldeko kideak Eric Maria Remarqueren
The Enemy eleberriaren pasarteak ingelesez irakurriko dituzte. 13:30ean edonork nahi duen liburuaren atal bat irakurtzeko aukera izango du, baina antolatzaileek berriko zendu den Eduardo Galeanori keinu bat egin nahi diote. Hortaz, hurbiltzen direnei Galeanoren pasarteren bat irakurtzeko gonbitea egin diete.
Bestalde, Donostia Hiri Lagunkoia eta Plus 55 taldeak antolatuta,
Bremengo musikariak ipuinaren helduentzako kontaketa bat egingo dute, modu berezi batean. Izan ere, irakurketa hiriko lau lekutan egingo dute aldi berean: Txomin kultur etxean, Atzako Nao Etxean, Carlos Santamaria zentroan eta Gipuzkoa plazako Liburu Azokan. Eguna amaitzeko, Suit Jazz hirukoteak jazz kontzertu bat eskainiko du.
Abantaila ugari
Gainera, Andoni Arantzegik adierazi duenez, azokan zein liburu dendetan erosleek hainbat abantaila izango dituzte: %10eko beherapenak, 300 liburu oparituko dituzte, ordu erdiko doako aparkaleku txartela, eta 10 euroko erosketa eginez gero, euro bateko txartel bat Gipuzkoa plaza inguruan dauden taberna batzuetan erabiltzeko.
Donostia Kulturaren Liburutegi Zerbitzuak informazio gune bat jarriko du Gipuzkoa plazako Azokan. Bertan, liburutegiei buruzko informazioa eskaintzeaz gain, Leire Salaberria ilustrazaileak Liburuaren Nazioarteko Egunerako egin dituen orri markagailuak banatuko dituzte.
Liburu Azokan egingo dituzten jarduerez gain, kultur etxe eta liburutegietan ere hainbat jarduera egingo dituzte astean zehar, egitarau osagarri bat osatuz.
APIRILAK 23, LIBURUAREN NAZIOARTEKO EGUNA
Non: Donostia Kulturaren gunea, Gipuzkoa plaza
- 9:30. IREKIERA, Txistularien Udal Banda.
- 9:30-11:55. ILANIA, PERU MAGDALENA. Ipuin kontaketa. 3 saio, Amara Berri ikastetxea. Euskaraz.
- 12:00. EL ANILLO DEL LEAL, BEGOÑA PRO URIARTE.. Liburu aurkezpena. Gazteleraz.
- 12:30-13:00. TXINATAR IDAZKERA KALEAN PINTZEL ERRALDOIEKIN. Gipuzkoako Txinatar Institutua. Elebiduna.
- 13:00-13:30. II. MUNDU GERRA. Irakurketa publikoa. Euskaraz.
- 13:30-15:00. IRAKURKETA PUBLIKO LIBREA. Eleanitza.
- 15:00-16:00. HAURRENTZAKO TAILERRAK, txinatar letrak eta orri markagailuak. Amara Berri, Gipuzkoako Txinatar Institutua. Euskaraz.
- 17:30-18:10. MIRRI ETA TXIRIBITON. Haur irakurle onenen sari banaketa. Euskaraz.
- 18:15. BREMENGO MUSIKARIAK. Donostia Hiri Lagunkoia, Plus 55. Eleanitza.
- 18:30. II. MUNDU GERRA. Irakurketa publikoa. Donostia Book Club, Eric Maria Remarque, The Enemy. English.
- 19:30. KONTZERTUA. Suit Jazz Trio.
EGITARAU OSAGARRIA: liburutegiak eta kultur etxeak