Udaberrirako Paperezkoak
Petti musikaria igandean izango da Garoa liburu dendan.
Groseko Garoa liburu dendan hasi dute udaberrirako prestatu duten egitaraua. Ohi bezala, hiru ataletan banatu dute programa: Paperezko Kontzertuak, Paperezko Antzerkia eta Paperezko Lagunak / Amigas del Papel (bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz).
Musikari eskainitako atala igandean (apirilak 26) hasiko da. Petti musikaria izango da zuzenean jotzen, liburu artean. “Hitzek indar berezia hartzen dute Pettiren ahots urratuarekin kantatuak direnean; sakonago iristen dira, leunago. Gitarraren doinuak, berriz, sentipenak areagotzen ditu. Eta are gehiago hitzak Harkaitz Canorenak badira. Ba al da abesti horiek entzuteko leku hoberik, liburu-denda bat
baino?”.
Hurrengo gonbidatua Neighbor bikotea izango da. Maiatzaren 31n izango dira Garoan. Maite Larburu (Hernani) biolin jotzailea eta Josh Cheatham (Seattle) viola eta gamba-kontrabaxularia uzo berean bizi dira Amsterdamen. Tradizio klasikotik salto egin eta gitarra eta ahotsaz baliaturik, kantu propioak idatzi eta aditzera ematera ausartu dira. eta Josh Cheatham (Seattle) viola da gamba-kontrabaxularia.
Ekainaren 28an Zarauzko TikTara taldeak joko du. Hegoaizeak dakartzan soinuen eta kantauriko kresalaren arteko konbinazioa da. Ibilbide ezberdineko zortzi musikarik osatua, hamaika instrumentuz, munduko erritmo eta melodiak nahasten ditu euskaraz abestutako letrekin. Hiruhileko honetan ere, hiruhileko abonamenduak 30 euro balioko du, eta sarrera solte bakoitzak 12 euro.
Antzerki programaren hurrengo emanaldia maiatzaren 8an izango da. Bea Insak Heiner Muller-en Hipolito tragedia garaikidea antzeztuko du. Ekainaren 19an Badut konpainia izango da Garoan. Musikari Istorioak antzezlana aurkeztuko dute. Bidaia bat egingo dute gaur egungo eta aspaldiko istorien bidez, euskal mitologian zehar, genero-indarkeriari erreparatuz eta berdintasun eskubideetan arreta jarriz. Ez da umorerik eta musikarik faltako.
Euskarazko Paperezko Lagunak irakurle taldean hurrengo astean, apirilaren 30ean, hasiko dira Garoan elkartzen berriz ere. Katixa Agirreren Atertu arte itxaron liburuarekin abiatuko dute hiruhilekoa. Maiatzaren 14an Françoise Sagan-en Tristezia zer berri liburua izango dute hizpide; eta ekainaren 4an, Ramon Saizarbitoriaren Lili eta biok. Gaztelaniazko irakurle taldean, Sandor Marai-ren El ultimo encuentro, maiatzaren 21ean, eta Christopher Morley-ren La libreria ambulante, ekainaren 18an, izango dituzte hizpide.