Antena bat, Garibai kaleko eraikin baten teilatuan. (Argazkia: Kattalin Miner)
Elkarrekin landutako hainbat enmendakinen bidez, antenen ordenatza adostu dute Bilduk eta EAJ-k, “osasun publikoan indarra jarriz, operadore handien interesen aurrean”. Ordenantzaren hasierako onarpena datorren asteko udalbatzarrean bozkatuko dute, eta bi alderdiek jakinarazi dutenez, Bilduk eta EAJ-k elkarrekin defendatuko dituzten enmendakinak 18 izango dira. Hala, euren esanetan, Europar Batzordeak 1.815 ebazpenean finkatutako prebentzio mugak errespetatuko dituzte.
Elementuen eta jarri beharreko antenen eragin bisuala gutxitzea barneratzen du ordenantzako Zabalkuntza Planak. Bestalde, proiektuen memorietan, estazio eta eskuko telefonoei dagokien antena kopurua zehaztu beharko dituzte, baita aurreikusitako beste erradiofrekuentziako elementu batzuk ere. Gainera, ordenantzak espazio sentiberetarako irizpideak ezarriko ditu; hala, ezingo dira kokatu instalazioak eskola eta osasun etxeen inguruetan; hau da, espazio sentiberak deitzen direnetatik 100 metro baino gutxiagora debekatuak egongo dira antenak.
Bestalde, jada ezarriak dauden instalazioei erreferentzia egingo dien atal bat ezarri dute. Hala, ordenantza onartzen duten momentutik, sei hilabeteko epea izango dute aurrez ezarritako instalazioek ordenantza berrira egokitzeko.