Mandasko Dukearen pasealekuko bidegorria. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Egiako bizilagunak aspalditik eskatzen dutena lortzekotan dira; txirrindularientzako eta oinezkoentzako hainbat hobekuntza lan egingo ditu udalak auzoan. Hain zuzen ere, Tokiko Gobernu Batzordeak Egiako bidegorria eta 30 eremua egiteko obrak esleitu ditu. Lanek 220.550 euroko aurrekontua izango dute, eta 12 asteko epean egiteko asmoa dute. Bidegorri berriarekin, Intxaurrondo Egiarekin lotuko dute, Egia Loiolarekin, eta era berean, Egia Gros eta Erdialdearekin.
“Bidegorri sarea handitzea eta 30eko gune gehiago ezartzea helburu estrategikoa da; bai mugikortasun jasangarria bultzatzeko bai auzoetako bizi kalitatea hobetzeko ere. Egiak eraldaketa bat izango du, eta herritarrentzako espazioak berreskuratuko dira. Hemendik aurrera, auzoak bizitasun eta dinamismo handiagoak izango ditu”, adierazi du Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak. Proiektua lantzeko Egiako bizilagunek eta Kalapie elkarteak egindako elkarlana eskertu du Albizuk.
Egia kaleko erdialdetik igoko da bidegorri berria, eta 2’8 metro izango ditu zabalean. Bidegorriaren beheko zatia, bi norabidekoa izango da, igarobidetik Ametzagaina kaleraino (370 metro). Hortik Loiolako zubiraino, bidegorriak norabide bakarra izango du (300 metro). Auzoaren goikaldean, bidegorria bi norabideetarakoa izango da, eta 1.000 metro izango ditu, Ametzagaña kaletik Ametzagaña parkeraino. Horretaz gain, San Kristobal, Tejeria, Karmengo Andre Maria, Plaza Haundi, Konkorrenea eta Aldakonea kaleetan 30 kilometroko abiaduran ibiltzeko ezarriko dituzte.
dBizi Egiara iritsiko da
Era berean, proiektuak dBiziko geltoki berri bat ere aurreikusten Egian, hiriko hamazazpigarrena izango dena.
Gainera,oinezkoentzako hobekuntzak ekarriko dituzte aldaketek. Izan ere, Egia kalean espaloia 100 metro luzatuko dute; Mandasko Dukearen kaleko bihurgunean espaloia 25 metro luzatuko dute; eta Ametzagaña kalean dagoen Baztan kaleko sarbidean, oinezkoentzako hobekuntzat egingo dituzte. Gainera, San Kristobal eta Karmengo Andre Maria kaleak eta Iruresoro igarobidea berrantolatu egingo dituzte.