Gure Esku Dago dinamikak egoitza berri bat zabaldu du Erdialdean
Materiala saltzeko eta informazioa banatzeko irekia egongo da Etxaide kaleko topalekua
Gure Esku Dago lanean ari da etengabe, Euskal Herriko hainbat herritan. Donostian ere badu indarra dinamikak, eta egoitza berri bat ireki berri du Erdialdean, Etxaide kaleko 8. zenbakian. Hala, ekainaren 21erako antolatzen ari diren jaialdiari begira, informazioa jaso eta materiala erosteko aukera izago dute bertan herritarrek. Pozik agertu da Jose Luis Segurola Gure Esku Dagoko kidea, lokalaren irekieran: “16:00etatik 20:00etara irekia egongo da egoitza, kamisetak eta bestelako materiala erosteko. Propaganda egiteko sistema on bat da, eta jendeari erraztasunak emateko». Izan ere, iaz Durango eta Iruñea lotu zituen giza-katea egin ostean, aurten hautetsontzi erraldoi batzuen bueltan egin nahi dute erabakitze eskubidearen aldeko aldarrikapena. Hainbat lagunek bat egin dute egoitzaren irekiera ofizialean, eta bertan izan da Angel Oiarbide bera ere, Gure Esku Dago dinamikaren koordinatzailea.
Euskal Herriko bost hiriburutan batera egingo dute jaialdia ekainaren 21ean, eta elkarrekin lotuko dituzte, zuzeneko konexioen bidez. Jaialdiak bi zati nagusi izango ditu; batetik, 12:30ean, giza-kateak egingo dituzte hiriburuetan, herri eta auzoetan josten ari diren oihalekin osatuz. Ondoren, 17:30ean, ekitaldi nagusia egingo dute, hautetsontzi erraldoiekin. Donostian, Anoeta estadioa izango da jaiaren erdigunea; Bilbon, San Mames; Gasteizen, Buesa Arena; Iruñean, zezen plaza; eta Baionan oraindik ez dute zehaztu.
Ehuntze Eguna
Hautetsontziak janzteko, herriz herri oihal-zatiak apaintzen ari dira hainbat herritar, 20 laguneko taldeak osatuz. Ondoren, guztiak josteko asmoa dute. Asteburu honetarako Ehuntze Eguna deitu du Gure Esku Dagok, eta Donostian hainbat auzotan elkartuko dira herritarrak. “Benetako bultzada emateko antolatu genuen asteburu hau, ekainaren 21ari begira. Donostian hamaika auzo gara eta horietatik bederatzik behintzat parte hartuko dute, gaur edo bihar; jende askorekin eta jarduera politekin. Beste bi auzoek arazoak izan dituzte, baina seguraski datozen asteetan osatuko dute euren lana”, gehitu du Segurolak.
Antiguako egitaraua (apirilak 25)
- 11:00. Oihalen tailerra, Eliz plazan
- 12:30. Oihal-Gunea, Txalupagilenen
- 14:00. Oihalen kalejira
- 14:30. Herri bazkaria, frontoian
- 18:00. Erromeria Egan taldearekin, Sert plazan
- 17:30. Oihalen apainketa, haurrentzako tailerrak, txaranga, haur eta helduentzako toka txapelketa, ipuin kontalaria, erronken aurkezpena, ehuntze kolektiboa, parrillada… Latsarien plazan
- 11:00-13:30. Oihalak eta harpidetzak eskuratzeko gunea, haur jolasak, jakiak eta edariak, animazioa… Plaza Haundin