Haurrak, Zubietako eskolaren irekiera ekitaldian, marrazten. (Argazkia: E. Zabala)
Bi diru laguntza onartu ditu Tokiko Gobernu Batzordeak Igeldoko eta Zubietako eskola txikientzat. Laguntzen helburua, ikastetxe horietako ikasleek gainontzeko ikastetxe publikoetako ikasleen aukera berdintasuna izatea da. Hala, hirigunean ez egon arren, aukera berberak izan ditzaten, gurasoek zama ekonomiko handiagoa jasan beharrik gabe. Elkarteen esanetan, eskolen neurri eta ezaugarrien ondorioz, oinarrizko zerbitzuen kostua garestiagoa izaten da. Beraz, udalaren esanetan, bi guraso elkarteak oso pozik daude azken ikasturteetan udaleko Hezkuntza ataletik jasotako diru laguntzekin.
Igeldoko Mendizorrotz guraso elkarteak 3.960 euroko zuzeneko laguntza jasoko du. Goizeko zaintza gela, igerilekurako garraioa eta eskola txikien urteko jaira joateko autobus zerbitzua ordaintzeko erabiliko dute diru hori. 73 ikasle ditu aurten eskolak. Zubietako eskola txikiko gurasoen elkarteak, bere aldetik, 2.900 euroko laguntza jaso du, eskolaz kanpoko jarduerak finantzatzeko: 44 ikasle igerilekura joateko autobus zerbitzuaz gain, ingelesezko eskolak, antzerki-dantza saioak eta udako txokoak antolatu dituzte.
Gipuzkoan 26 eskola txiki daude, eta eskola txikien berezko ezaugarria da eskola herrian txertatuta egotea. Haurrek komunitateko kide garrantzitsuak direla sentitzen dute, eskolak herriko bizitzan parte hartzen duelako. Gurasoen partaidetza oso garrantzitsua da eskola hauetan, eskolan guztiz txertatuta daude. Udalak 2012tik ekimen horiek babesten ditu, “duten interes publiko eta sozialagatik”.