Gure Esku Dago dinamikak deituta hainbat herritar elkartu dira asteburuan, hurrengo erronkari begira
Iaz Durangotik Iruñearako giza-katea osatu ostean, aurten hautetsontzi erraldoiak osatzeko asmoa du Gure Esku Dagok. Euskal Herriko bost hiriburutan hautetsontzi bana osatuko du dinamikak, ekainaren 21ean, eta hautetsontzi horiek janzteko, herriz herri oihal-zatiak apaintzen ari dira hainbat herritar. Partaideek 20 laguneko taldeak osatu behar dituzte oihalak atontzeko, eta ondoren, guztiak elkarrekin josteko asmoa dute. Egun handiari begira, asteburu honetarako oihalak batzeko eguna deitua zuen Gure Esku Dagok, eta Donostian hainbat auzotan bildu dira herritarrak euren oihalekin.
Antiguan, esaterako, Oihalen Eguna antolatu dute, eta bertan izan da IRUTXULOKO HITZA. Adin guztietako auzotarrek bat egin dute Txalupagillene plazan, oihalen buelta jaia eginez, eta musikak ez du hutsik egin.
Donostian Anoeta estadioan izango da ekainaren 21eko jaia, eta bertan parte hartu nahi duena oraindik bere oihala eskuratzeko moduan dago. Gure Esku Dagok egoitza berri bat zabaldu berri du Erdialdean, eta bertan topa daiteke informazio guztia.