Donostia Kulturak hirian duen inpaktu ekonomikoa eta soziala neurtu du Ikertalde enpresak, udalaren eskariz
Amaia Almirall Donostia Kulturako zuzendaria, Juan Karlos Izagirre alkatea, Nerea Txapartegi udaleko Kultur arduraduna, eta Iñigo Artetxe Ikertalde enpresako ordezkaria. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Juan Karlos Izagirre alkateak sendo bota du bere mezua: “Krisi garaian kulturan inbertitzea aukera inteligentea da”. Izan ere, Donostia Kulturak hirian eragiten duen inpaktu ekonomikoa eta soziala neurtu du
Ikertalde enpresak, udalaren eskariz, eta txosten horren berri eman dute. Aurkezpenean izan dira Izagirre bera, Amaia Almirall Donostia Kulturako zuzendaria, Nerea Txapartegi udaleko Kultur arduraduna, eta Iñigo Artetxe Ikertalde enpresako ordezkaria. Arduradunen esanetan, zaila da benetan kulturak hirian duen eragina neurtzea, baina hala ere, hainbat datu aipagarri eman dituzte. Emandako datuen arabera, hiriko hirugarren sektoreari, esaterako, 62’8 milioi euroko inpaktu ekonomikoa eragiten dio Donostia Kulturaren jarduerak. “Kulturak, noski, desberdinen arteko elkarlana bultzatzen du, baina hiriarentzat motore ekonomikoa ere bada”, gehitu du alkateak. Zehazki, Donostia Kulturak 25 milioi euroko aurrekontua du gutxi gora-behera, kopuru horren %75 inguru udalak jartzen du eta gainontzeko % 25 diru-sarreretatik iristen da.
Donostia Kulturak 213 langile ditu eta beste 251 lagunek parte hartzen dute zeharka jardueren osaeran. Hala, Txapartegik azaldu duenez, hiri osoaren lan kolektiboaren emaitza da: “Hiriko 500 elkarterekin elkarlanean osatzen du bere programazioa”. Gainera, nazioartean sona duten jaialdiak eta auzoetako gertuko jarduerak konbinatzen ditu erakundeak, Txapartegiren esanetan. Bestetik, erakundeak zeharkako balioen sustatzaile gisa ere diharduela diote: berdintasuna, iraunkortasuna, euskararen aldeko lana, eta ingurumena, besteak beste.
Jarduera askotarikoa eta arlo eta zerbitzu zabala duen konplexutasua dela azaldu du Almirallek; era guztietako zerbitzuak eta ikuskizunak, jaiak, kultur etxeetako ikastaroak barneratzen baititu, besteak beste. Hala, azterketa gogoetarako eta plangintzarako tresna oso baliagarria izango da Donostia Kulturarentzat, arduradunen esanetan. Hala, helburua etengabe hobetzea dela diote. Edonola, pozik agertu dira emaitzekin, eta Donostia kulturaren eta aisiaren sektorean oso hiri aktiboa dela berretsi dela diote. Datuei erreparatuz, Donostia Kultura txartela dute 85.809 lagunek, eta hainbat abantaila dituzte.
Denboran eta espazioan banatua
Artetxeren hitzetan, Europako beste herri batzuetan, kultur eskaintza ekipamendu handi baten inguruan bildu ohi da, baina Donostian eredua bestelakoa da. Espazio aldetik sakabanatua baitago, herritarrekiko hurbiltasunaren aldeko apustua eginez. Donostia Kulturak herritarren kultur erreferente garrantzitsu gisa jarduten duela diote: erabilera, interes eta adinen aldetik, era guztietako hartzaile eta erabiltzaileak baititu.
Kultur eskaintzak 2.828.000 asistentziatik gora eragiten ditu urtean. Horietatik erdia gutxi gora-behera kultur etxeetako eta liburutegietako erabiltzaileak dira. Beste guztien artean, nabarmendu dute da jaietan 800.000 lagunetik gora izan direla, 273.597 lagun Donostia Kulturak programaturiko ikuskizunetan, eta 240.000 bisitari Museoan eta eraukusketa- aretoetan. Horien guztien baturak 62’8 milioi euroko gastu tertziarioa sortzen du Donostiako establezimenduetan. Alegia, azterketaren arabera, Donostia Kultura eragile nabarmena da hiriko jarduera ekonomikoan.
Gastu horren % 58 jaiek eragiten dute, batez ere Aste Nagusiak; % 13’6 kultur etxe eta liburutegietako bisitei dagokie; musika-eskaintzak % 10 eragiten du, eta hor Jazzaldiak bereziki; gainontzeko % 10arte eszenikoei, zineari eta museoei dagokie.
Erakundearen antolakuntza zabal eta konplexua honela laburtu dute:
- Ekipamendu/Zerbitzuen lau sare: kultur etxeak (11), auzoetako dinamizatzaileak eta kultur eremu jakin batzuetan espezializatuak; liburutegi-sarea (14), haurren sarbide nagusia; museoak eta erakusketa-aretoak (12), San Telmo Museoa buru dela; eta ekipamendu eszenikoak (6), hau da, Viktoria Eugenia Antzokia, Antzoki Zaharra, Gazteszena (Egia), Lugaritz (Antigua), Intxaurrondo eta Larratxo (Altza).
- Lau gai-eremu nagusi, jaialdiak eta udalaren beste eskaintza guztia kudeatzeko zineman, arte eszenikoetan, musikan eta literaturan, bai eta beste edozein arlotan ere.
- Festen arloa, gertaera ludiko, identitario eta jairen inguruan, auzoetako jai-elkarteekin elkarlanean jarduteaz gainera.
- Kudeaketa bertikaleko hiru eremu: Informazioa eta Komunikazioa, Administrazioa eta Produkzioa, alderdi horiek kudeatzeko bai erakundearentzat eta bai bertako zenbait jarduerentzat.