Stop Kaleratzeak taldearen lanaren eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirreren bitartekotasunaren ondorioz lortu du.
Ana Mujika bera izan da gaurko prentsaurrekoan. (Argazkia: Stop Kaleratzeak)
Laboral Kutxak Ana Mujika donostiarra eta bere gurasoen etxebizitzak enkantean jarri behar zuen, baina bankuak bigarren aukera bat eman dio eta negoziazioak abiaraztearen alde azaldu da. Stop Kaleratzeak plataformaren arabera, Ana eta bere bi seme-alaben etxebizitza ez ezik, euren diru iturri bakarra osatzen duen okindegi bat, abal-emaile diren bere gurasoen etxebizitza bat eta bere senar ohiaren gurasoek Orihuelan duten etxebizitza bat eskuratu nahi zituen bankuak enkantean. “Gainera, familia honek oraindik 100.000 euroko zorra izango luke Laboral Kutxarekin. Baina Stop Kaleratzeak plataformaren etengabeko lanari eta Donostiako alkatearen esku-hartzeari esker, bankuak enkante hau behin behinean geldiarazi du”. Erabakia ospatzeko atera dira gaur kalera, Bulebarrean egin duten agerraldiaren bitartez.
Hala ere, ez dituzte ahaztu nahi izan krisi ekonomikoaren eraginez kaltetuak izaten ari diren familiak. Izan ere, plataformarekin harremanetan gero eta jende gehiago jartzen dela diote: “Ana bezalako enpresari txiki eta autonomoak, baina baita abal-emaile asko ere. Gizarte ahulena ez ezik, erdi mailako klasea ere krisi honen biktima zuzena da”. Kaleratze, pobrezia edota desberdintasun sozialen datu kezkagarriei aurre egiteko,
dekalogo bat adostu zuten urte hasieran, eta hainbat alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileren atxikimendua lortu dute. Gaurkoan dekalogoak jasotzen duen laugarren neurria nabarmendu nahi izan dute. “Bankuen praktika egokien kode berri bat indarrean jarri dezatela, fede oneko zordunek bigarren aukera bat izan dezaten, zorren kitatzeak edota etxea ordainetan ematea bezalako neurriak aurreikusiz”.