Oñatiko musikariak ekainaren 21ean jasoko du Marijose Rekaldek egindako garaikurra, Viktoria Eugenia Antzokian
Donostia Kulturako Miguel Martin eta udaleko Kultura arduradun Nerea Txapartegi, Adarra Sariarekin. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Aurtengo Adarra Saria Ruper Ordorikak jasoko zuela jakinarazi zuen Donostia Kulturak,
duela ia bi hilabete. Gaurkoan ordea, Ruper beraren eta sari emate ekitaldiaren inguruko xehetasun gehiago eman dituzte Nerea Txapartegi udaleko Kultur arduradunak eta Miguel Martin Donostia Kulturako Musika arloko zuzendariak. Martinek azaldu duenez, sari emate ekitaldian kontzertu berezi bat eskainiko du Ordorikak, bere abesti esanguratsuenekin: “Bere ibilbidearen errepasoa egingo du, baina etorkizunera begira”. Hala, kontzertuak hiru zati izango ditu; lehenengo bakarlari gisa arituko da Oñatiko musikaria, ondoren, Leo Abrahams gitarristarekin elkartuko da oholtza gainean; eta kontzertuaren azken zatia, bidelagun izan duen Mugalariak taldearekin arituko da (Arkaitz Miner, Hasier Oleaga eta Fernando Neira
Lutxo). “Hainbat arrazoi daude Ruper saritzeko, baina bereziki, bere estilo propioa landu duelako, eta euskal musikan eta musikan orokorrean ere berrikuntza ugari ekarri dituelako. Gainera, euskal musika tradizionala berreskuratzeko lanean aritu da, eta modernoa eta klasikoa uztartu ditu”, azaldu du Txapartegik.
Sari emate ekitaldia ekainaren 21ean egingo dute, 19:00etan, Musikaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Ekitaldirako sarrerak salgai daude dagoeneko, 15 eurotan,
Kutxasarrerak atarian. Marijose Rekalde Iruñeko artistak egindako brontzezko irudia jasoko du bertan Ruperrek. “Iazkoaren molde berdinarekin egina dago, baina desberdina da”, azaldu du Martinek. Donostiako alkatearen eskutik jasoko du saria Ordorikak; eta hauteskundeen ostean izango denez, jakiteko dago oraindik zeinek emango dion.
Iaz sortu zuen Donostiako Udalak Adarra Saria, euskal musika arloko artistak saritzeko asmoz. Bere ibilbideagatik eta euskal musikaren arloan izandako garrantziarengatik sarituko ditu urtero musikari eta sortzaileak. Iaz, Mikel Laboa saritu zuten. Txapartegi harro azaldu da sariketarekin: “Kantatzen duen herri bat ez dela sekula hiltzen dio esaerak, eta argi dago gurea luze biziko dela”.