Joserra Senperena, Elkar aretoan egindako disko aurkezpeean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Sorkuntzarako pianoa erabili du beti Joserra Senperenak, orain arte;
9 ganbera pieza diskoa osatzeko, ordea, abestiak zuzenean paper gainean idatzi ditu. “Pianoarekin sortzean batzuetan eskuek agintzen dute, eta disko hau bihotzetik egin nahi nuen”, aipatu du musikari loiolatarrak, Elkarren egin duen aurkezpenean. Hasieran musika horrela sortzeak zailagoa dirudien arren, melodiak agindu behar duela dio Senperenak, eta hori egin duela. Edonola, pianoa jotzen du abesti guztietan Senperenak, eta honako musikariekin aritu da: Xabier Gil (biolina), Elena Escalza (txeloa), Jose Miguel Chirivella (klarinetea), Salvador Tudela (tronpa), Francesca R. di Nicola (harpa) eta Karlos Aranzegi (perkusioa).
Bere ibilbidean pop, jazz, eta blues doinuak bidelagun izan ditu Senperenak, baina oraingoan doinu horietatik urrundu dela dio. “Aurreko diskoan jada alde batera utzi nituen jazza eta bluesa, eta disko hau haren jarraipena da. Ideia bakarra nuen garbi lanean hasi nintzenean, talde handiago baterako idatziko nuela. Idazten joan nintzen heinean forma hartu zuen, eta azkenean zazpi musikarik osatu dugu taldea”.
Diskoaren grabaketa asteburu bakar batean egin zuten, zuzenean. Zehazki, urtarrilaren 31tik otsailaren 3ra, Donostiako Elkar aretoan. Diskoaren izenburuak dioen moduan, bederatzi ganbera abestik osatzen dute lana, eta ez die izenbururik jarri abestiei, “musikari klasikoen eta pintoreen moduan”.