Vicente Garciaren eserlekua hutsik, legegintzaldiko azken udalbatzarrean. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Legegintzaldiko azken udalbatzarrari ekin diote gaur, 9:30ean, puntu-puntuan. PPko zinegotzi Vicente Garciak dimisioa eman du aste honetan; horrenbestez, bere aulkia hutsik zegoela hasi dute saioa. Erabaki garrantzitsu bat hartu dute udalbatzarra hasi bezain pronto: hasierako onarpena eman diote telekomunikazio sareen instalazio erradioelektrikoak arautzeko ordenantzari.
Udal gobernuak eta EAJk 18 emendakin adostu dituzte, eta euren botoekin egin du aurrera ordenantzak. Datozen 30 egunetan herritarren alegaziorik ez badago, araudia behin betiko sartuko litzateke indarrean, 2002. urtean egindakoa ordezkatuz.
Partaidetza zinegotzi Axier Jakak adierazi du araudi berria “bateragarria” dela osasun publikoko prebentziorako neurriekin: “Kalitatezko zerbitzuak bermatzen ditu eta prebentziorako neurriak txertatuta daude”. Herritarren ekarpena kontutan hartutako ordenantza dela azaldu du Jakak. Hain zuzen ere, gogoratu du Antenarik Ez plataformak 7.400 sinadura bildu zituela 2012. urtean, osasun prebentziorako neurriak kontutan har zezaten eskatzeko. Era berean, Udalbatzak Europatik etorritako gomendioak onartu zituela nabarmendu du, eta baldintza horiek ere kontutan hartu dituztela jakinarazi du.
EAJko zinegotzi Martin Ibabek esan du helburua hiriak estaldura bermatua izatea dela, beti ere “pertsonen osasuna zainduta”. Horregatik, osatutako testuarekin “harro” daudela adierazi du.
PPk eta PSE-EEk abstentzioa eman dute proposamena bere osotasunean bozkatu dutenean, prozesua “akatsa” izan dela argudiatuta, nahiz eta onartu araudiaren gaurkotzea beharrezkoa dela. Araudia ezingo dela juridikoki aplikatu ziurtatu dute. Horregatik, “zalantza juridikoa” duten puntuei kontrako botoa eman die PPk.