Berdintasunerako Kontseilua kolokan dagoela ohartarazi du Bilduk, oposizioak araudi berria onartu eta gero; erabakiaren ondorioz, gizonek ere parte hartu ahal izango dute bileretan
Hainbat emakumek protesta egin zuten atzoko udalbatzarrean. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Behin betiko onarpena eman zioten atzo, legegintzaldiko azken udalbatzarrean, Berdintasunerako Kontseilu Sektorialaren Araudiari. Desadostasuna sortu du gaiak, araudi berriarekin, emakumeek ez ezik, gizonek ere izango baitute kontseiluan parte hartzeko aukera. Oposizioak bultzatu du aldaketa, udal gobernuaren eta kontseiluan lanean ari diren eragileen iritziaren kontra. Hain zuzen ere, hainbat emakume bildu ziren atzoko udalbatzarrean, euren haserrea adierazteko.
Berdintasunerako Kontseilu Sektoriala 1997an sortu zuten, eta 2008an onartu zituzten azken berrikuntzak. Orduz geroztik, «emakumez osatutako foro instituzional bakarra» izan dela gogoratu zuen Berdintasun zinegotzi Naiara Sampedrok, udalbatzarrean. «Udal kontseilu guztien artean eredu izan da», gehitu zuen. Hala, oposizioak hartutako erabakiarekin kontseilua «deuseztatuko» dutela oharatarazi zuen Sampedrok: «Desagertzeko arriskuan dago».
Berdintasun zinegotziak ez zion erreparorik ikusi kontseilu misto baten sorrerari, beti ere indarrean dagoenarekin jarraituz gero, ukitu gabe. Horregatik, orain arte aritu direnei «lan egiten uzteko» aldarrikatu zuen. «Emakumeek lortutako espazio legitimoaren deuseztatzearen aurrean gaude», erantsi zuen Sampedrok, oposizioak zer bozkatuko zuen jakinda.
Udalbatzarra bertatik bertara jarraitzeko bildutako emakume taldeak hainbat eragileren izenean egin zuten protesta: Plazandreok, Asade, Medeak, Bilgune Feminista, Arrats, Intxaurrondo Berri, Lagunak, Lilaton, Asociacion de Mujeres Separadas, Farapi, Dandai, Calcuta Ondoan, La Liga de La Leche, Erne sindikatua, Gehitu eta Mujer y Ciudad Foroa, besteak beste. Eskuorriak eraman zituzten zenbait lelorekin, «benetako berdintasuna» aldarrikatzeko.
Kontseiluan 21 elkarte ordezkatuta daude gaur egun, hiru sindikatu eta 11 norbanakorekin batera. Oposizioko alderdi politikoek ere ordezkariak dituzte, baina, kontseiluko kide Eugenia Pardoren arabera, ez dira inoiz azaldu: «Alderdi guztietako ordezkariekin jarri gara harremanetan, eta berdintasun planak aurkezteko eskatu diegu, baina ez dugu erantzunik jaso. Kontseiluan ordezkaritzak dituzte, eta, hilero biltzen garen arren, bileretara ez da inoiz oposizioko inor azaldu, ez gizon, ez emakume».
Oposizioko alderdiek Udalbatzan duten gehiengoa ordenantza aldatzeko erabili dutela salatu zuen: «Ahoa betetzen zaie parekidetasunaz hitz egiteko orduan, baina emakumeen egoera sozial, ekonomiko eta kulturalak gizonezkoen parekoak izan arte, emakumeok biltzen jarraitzeko eskubidea izango dugu».
Oposizioko alderdietako kideek bozketaren ondoren hartu zuten hitza, gizonen presentzia kontseiluan defendatzeko. EAJko zinegotzi Aitziber San Romanek esan zuen berdintasuna ez dela bermatzen «biztanlegoaren erdia» baztertzen: «Gizonak kontseilutik baztertzea, Hezkuntzan ikasleak sexuaren arabera banatzea bezalakoa litzateke».
PPko zinegotzi Itziar Aguilera de Juanak adierazi zuen «partaidetza demokratikoa» bermatzeko guztiek egon behar dutela presente: «Gizona ere inplikatu behar da Berdintasun arloan».
PSE-EEko zinegotzi Susana Garcia Chuecak, berriz, Sampedroren hitzak gogor kritikatu zituen: «Planteatu duen apokalipsia gezurra da».
Prebentziorako neurriak kontutan hartuko ditu antenen ordenantzak
Legegintzaldiko azken udalbatzarrak ekarritako ika-miken aurretik, saioa hasi bezain pronto, erabaki garrantzitsu bat hartu zuten: hasierako onarpena eman ziote telekomunikazio sareen instalazio erradioelektrikoak arautzeko ordenantzari. Txalo artean hartu zuten bildutako herritarrek albistea.
Udal gobernuak eta EAJk 18 emendakin adostu zituzten, eta euren botoekin egin zuen aurrera ordenantzak. Datozen 30 egunetan herritarren alegaziorik egon ezean, araudia behin betiko sartuko litzateke indarrean, eta 2002. urtean egindakoa ordezkatuko luke.
Partaidetza zinegotzi Axier Jakak adierazi zuen araudi berria «bateragarria» dela osasun publikoko prebentziorako neurriekin: «Kalitatezko zerbitzuak bermatzen ditu eta prebentziorako neurriak txertatuta daude». Herritarren ekarpena kontutan hartutako ordenantza dela azaldu zuen Jakak. Hain zuzen ere, gogoratu zuen Antenarik Ez plataformak 7.400 sinadura bildu zituela 2012. urtean, osasun prebentziorako neurriak kontutan har zezaten eskatzeko. Era berean, Udalbatzak aurreko udalbatzar batean Europatik etorritako gomendioak onartu zituela nabarmendu zuen, eta baldintza horiek ere kontutan hartu dituztela jakinarazi zuen.
EAJko zinegotzi Martin Ibabek, bere aldetik, esan zuen helburua hiriak estaldura bermatua izatea dela, beti ere «pertsonen osasuna zainduta». Horregatik, osatutako testuarekin «harro» daudela azpimarratu zuen.
PPk eta PSE-EEk abstentzioaren alde egin zuten proposamena bere osotasunean bozkatu zutenean, prozesua «akatsa» izan dela argudiatuta, nahiz eta onartu araudiaren gaurkotzea beharrezkoa dela. Araudia ezingo dela juridikoki aplikatu ziurtatu zuten. Hori dela eta, «zalantza juridikoa» duten puntuei kontrako botoa eman zien PPk.
Ordenantzari dagokionez, atal garrantzitsuenen artean, araudiak espazio sentiberetarako irizpideak ezarriko ditu. Hala, ezingo dira kokatu instalazioak eskola eta osasun etxeen inguruetan; hau da, espazio sentiberak deitzen direnetatik 100 metro baino gutxiagora debekatuak egongo dira antenak.
Sei hilabeteko epea izango dute aurrez ezarritako instalazioek ordenantza berrira egokitzeko.
Hutsik geratu da Vicente Garciaren eserlekua
PPko zinegotzi Vicente Garciak dimisioa aurkeztu du aste honetan, apirileko udalbatzarraren atarian. Horrenbestez, bere eserlekua hutsik geratu zen atzoko saioan.
Garciak alderdiko kide moduan baja eman zuen martxoaren 28an, eta orduz geroztik PPko kideen «isekak» jasan dituela salatu du. Bertako kide batzuekin desadostasunean zegoelako eman zuen baja, eta herenegun arrazoi horiek berretsi zituen komunikabideen aurrean.
Gipuzkoako PPko presidente Borja Semperrek eta Donostiako PPko egungo bozeramaile Ramon Gomezek «bere aurkako kalumniak» adierazi dituztela salatu du. Garciaren esanetan, Semperrek eta Gomezek leporatu diote PPtik alde egin izana Miren Albisturren hautagaitzan lehen postuetan sartzeko.