Añorgako Firestone fabrikan ehunka lagun bildu dira maiatzaren 1ean, eta asteburuan zehar formakuntza tailerrak eta azoka egingo dituzte.
Ekoizpen baliabideak berreskuratzeko tailerrak eta azoka izango dira asteburuan Eraldian. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Maiatzaren 1a langileen eskubideen aldarrikapen eguna izanik, egun osoan egin dira manifestazioak, hitzaldiak eta aldarrikapenak. Aurten baina, berritasun bat izan da Donostian, izan ere, Eraldia proiektua martxan jarri dute.
Irrika handia piztu du Eraldiak sare sozialetan, eta ehunka lagun bildu dira Easoko plazan 16:00etan, Añorgan aurkituko zutena ondo jakin gabe. Dena den, bertaratutakoak ondo prestatuta joan dira, motxila eta lo zakuekin, asteburuko jarduerei ekiteko prest.
Antolatzaileek bilduta, taldeak Añorgarako trena hartu du 16:45ean; ordurako urduritasuna nabarmena izan arren, bertara iritsi behar izan dute berreskuratzera zioazen espazioa Firestone enpresa zela jakiteko. Enpresa hori duela urte batzuk itxi zuten, eta gaur, proiektu eraldatzaile bati ongi etorria egiteko bildu dira ehunka lagun.
Ongi etorri hitzaldia entzun ondoren, atzeko atetik sartu dira denak fabrikara. Bertan, urtetan hutsik egondako espazioa berehala bete da. 18:15ean hasi dira azalpenak ematen, Eraldia proiektua bertaratuei azalduz. Asanblada formatoan, borobilean eserita, lan taldeen banaketa eta proiektuaren helburuak finkatu dituzte.
Eraldiako boluntarioen esanetan, proiektuaren helburu nagusia lan, harreman eta bizimodu eredu alternatiboak sortzeko ekimenak garatzeko espazio bat eraikitzea da. Azaldu dutenez, kapitalismoaren arauei aurre egitea ez da erraza, baina badira ingurua eraldatzeko prest dauden erakunde eta norbanakoak, eta proiektu guzti horien berri edukitzeko, asteburu honetan saretze lan mardula egingo dute.
Maiatzaren 1a ez dute besterik gabe aukeratu, izan ere, lehen pausoak ematen hasteko aitzakia ezinhobetzat izan dute eguna. Beraz, gaurtik hasita eta asteburuan zehar, bertaratzen diren guztien esperientziak ezagutuko eta elkarbanutko dituzte, auzolanean, eztabaidatuz, hausnarketan eta elkarrizketan.
Jone Etxeberria Eraldiako kidearen esanetan, Firestone fabrika espazio bezala aukeratu dute kapitalismoaren ondorioak sinbolizatzen dituelako: “Espazio hau itxita egon da urtetan, eta bitartean Añorgak espazioak behar ditu herri proiektuak aurrera ateratzeko. Horregatik, prekarietateari ekintzarekin erantzuteko eta gure proiektuak saretzeko espazioa sortuko dugu asteburuan, modu horizontalean”.
Asteburu osoko egitaraua
Antolatzaileen arabera, bertaratutakoekin elkarrizketak egingo dituzte, guztien artean, Donostian dauden proiektu, tresna eta baliabideen inguruko sarea eta mapa osatzeko. Formakuntzarako astia ere izango dute, hori baita proiektu honen beste helburu nagusietako bat. Hala, gaur 20:15ean ekonomia sozial eraldatzailearen inguruko hitzaldia eskainiko dute, Lakaxita Kop proiektua oinarri hartuta. Ondoren, 21:00etan afaria antolatuko dute, eta azkenik, 22:00etan Can Battlo dokumentala eskainiko dute.
Biharko eguna ere jardueraz beteta egongo da. Gosaldu ondoren, 10:00etan asanblada eta auzolana egingo dituzte. Haurrei tartea eskainiko diote ondoren, hezkuntza sortzailearekin. Bazkalduta, Mapeoari, soziogramari eta worldkafeari ekingo diote, 16:00etan. Afalostean berriz, kultura alternatiboaren inguruko hitzaldia eskainiko dute, eta amaitzeko, kontzertua eskainiko dute.
Azkenik, igandean azoka antolatuko dute 12:00etan. Ondoren, ekonomia feministaren inguruko hitzaldia egingo dute; bazkaria amaituta, prekarietateari aurre egiteko baliabideez hausnartuko dira, eta Olatukoop, Coop 57, Fiare, Basherri taldeak eta Zeraingo esperientziaz mintzatuko dira. Asteburua borobiltzeko asanblada eratzailea egingo dute.
Eraldia etorkizunera begira dagoen proiektua dela azpimarratu dute antolatzaileek, eta asteburu honetan gertatuko dena oinarriak eraikitzeko balioko du.
[Gallery=187]