Euskal sindikatuek hiriko kale nagusiak hartu dituzte, mozketak salatu eta lanaldi duinak eskatzeko
Bulebarretik hasi da LABen manifestazioa. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostiako kaleak aldarrikapenez bete dira maiatzaren 1eko langilearen egunean. Euria ez da traba izan ehunka lagunek kaleak hartzeko, eta Bulebarra izan da sindikatuen erreferentzia, bertatik atera baita LABen manifestazioa 12:30ean. Hasi eta berehala, udaletxean Movistarreko langileei elkartasuna adierazi diete; bertako langileak greban daude, soldata eta lan ordu duinak aldarrikatzeko.
Manifestazioak aurrera egin du, eta haiekin batu dira Ernai Donostia taldekoak, gazteen lan eskubide duinak aldarrikatuz. Zara parean Bangladesheko langileen aldeko elkartasunezko leloak irakurri zitezkeen. Martxak aurrera jarraitu du, mozketen aurkako leloak aldarrikatuz. Kutxabank eta Caja Laboralen aurkako aldarrikapenak ere entzun dira, etxe kaleraketak salatuz eta banku publikoak aldarrikatuz.
Ordubeteko martxa egin dute LABekoek eta haiekin batu diren elkarte eta norbanakoek. Bulebarreko kioskoan amaitu da manifestazioa, eta bertan, sindikatuen egitura berritzeko aldarria egin dute, azken urtetako lana goraipatuz. Internazionala eta Eusko Gudariak abestien doinuekin amaitu dute ekitaldia.
LABen manifestazioak aurrera egiten zuen bitartean, CCOOk Bulbebarreko kioskoan amaitu du bere manifestazioa. Bertan, gazteen lan eskubideen aldeko aldarrikapena egin dute, eta beste behin, gogoan izan dituzte Movistarreko langileak.
[Gallery=186]