"Aitortu gabeko" 490 hildakori buruz bildutakoa publiko egin du Euskal Memoriak
Euskalmemoria.eus webgunean egin daitezke bilaketak. 1960. urtetik orain arte izandako hildakoei buruzkoek betetzen dute tarterik handiena, baina badira ere gerra garaiko biktimak ere.
Honen guztiaren berri emateko agerraldia egin dute gaur, San Jeronimo kaleko ekitaldi aretoan. Euskal Memoriako kide Iñaki Egañak, Arantxa Erasunek eta Karmele Urbistondok hartu dute hitza, «errepresioaren eta gatazkaren testuinguruan» kokatutako lana aurkezteko.
Egañak argi utzi du aurkezpenarekin ez dutela lana amaitu, beti egongo baitira datu eta dokumentu berriak espedienteak osatzeko. «Prozesua beti egongo da irekia; egia ez da inoiz biribila izaten, adarrak ditu», zehaztu du historialari amaratarrak. Urbistondok berak jakinarazi du atzo bertan biktima baten senideek deitu zietela, 1974. urtean errepide kontrol batean gertatutakoari buruzko datu gehiago emateko.
Hain zuzen ere, Dokumentazio Gunea osatzeko iturri nagusia senideak izan direla azaldu dute.
Era berean, nabarmendu dute nazioarteko arauak oinarri egin dutela lan, eta, hortaz, egindakoak «fidagarritasun osoa» duela.
60 donostiar
490 txosten daude zintzilik, hildako bakoitzari dagokien datu, argazki, prentsan ateratako albiste eta bestelako dokumentuekin. Donostiarrei dagokienez, 60 espediente aurki daitezke bilaketa orokorra eginez gero. Izen ezagunak daude, baina badira hainbesteko oihartzuna izan ez zuten hainbat eta hainbat pertsona tartean. Donostian gertatutakoak ere kontsulta daitezke.
Euskal Memoriak argitaratutako azken lanean azaldutako biktimak aurki daitezke, besteak beste. Hain justu, gerra zikinari buruzko lan monografikoa kaleratu zuen fundazioak iaz, Deklaratu gabeko gerra. Estatu Terrorismoa Euskal Herrian izenburuarekin. Bada, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur, Jon Anza, Tomas Alba, Justo Elizaran eta Santos Blanco donostiarren inguruko espedienteak topa daitezke.
Espetxean, herbestean, segada batean, leherketa baten eraginez… hainbat gertaeren eraginez hildako hainbat eta hainbat donostiar ageri dira: Oihane Errazkin, Maria Francisca Eraunzetamurgil, Olaia Castresana, Rosa Zarra, Gladys del Estal, Iñaki Kijera… zorigaiztoko zerrenda luzea da.
Euskal Memoria Fundazioak «tresna baliagarri bat» jarri du herritarren eskura. Hain zuzen ere, «aitortu gabeko» hildakoren 490 espediente zintzilikatu ditu gaur aurkeztutako Dokumentazio Gune berrian. Elkarte pribatu bat bada ere, Euskal Memoriaren eginkizuna publikoa da. Horrenbestez, jasotako informazio eta dokumentazio guztia sarean jarri du, biktima horiek guztiak onartuak izan daitezen helburuarekin.