Maiatzaren 16an izango da hitzordua; 10:00etan, Saguesetik abiatuta.
Zurriola pasealekuko bidegorria. (Argazkia: Lide Ferreira)
EMAK Emakume Kirolarien Taldeak Donostiako bidegorrien sarea ezagutzeko irteera bat antolatu du maiatzaren 16rako (larunbata). 10:00etan Saguesetik abiatuta, irteera txirrinda edo patinekin egin ahal izango da. Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziak jarduera honetan parte hartzeko deia egin du: “Oraindik ere berdintasun erreala ez da lortu kirol eremuan, emakume gutxiagok egiten dute kirola, eta egiten dutenean ikusgarritasun eskasa dute; hortaz, gu guztion artean irauli behar dugu egoera eta jarduera honek horretan laguntzen du”.
Urte osoan zehar antolatzen dituen irteeren bidez, EMAK taldeak emakumeak kirola egitera animatzen ditu. Donostiako bidegorrien sarea ezagutzeko irteera horren baitan kokatzen da eta emakume guztiak parte hartzera animatzen ditu. Izena emateko epea maiatzaren 14a arte dago zabalik.
Bestalde, kirol munduan emakumeen egoera nolakoa den ezagutu nahi duen orok edota taldea bera ezagutzeko interesa duen norbaitek, maiatzaren 21ean egingo duten bilera irekira joan daiteke. Donostiako Emakumeen Etxean izango da, 18:30ean.