'Coser la memoria a puntadas: representaciones de la violencia colectiva, convivencia y cultura de paz' proiektuak irabazi du beka, eta 2016an aurkeztuko dute.
Emakumeak izango dira Giza Eskubideen ikerketa bekaren protagonistak. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Udalaren Giza Eskubideen atalak
Bakea, bizikidetza eta elkarrizketa Euskal Herrian ikerkuntza beka eskaini du gaur. Ikerketa talde bati eskaintzea erabaki du; hala, Maitane Arnoso, Magdalena Bobowi, Itziar Gandarias, Miguel Angel Navarro eta Ainara Arnosok aurkeztutako
Coser la memoria a puntadas: representación de la violencia colectiva, convivencia y cultura de paz proiektuak jasoko ditu bekaren 17.600 euroak. Donostiako alkatea proiektuaren hiru koordinatzailerekin bildu da gaur, Bobowi eta Arnoso ahizpekin, hain zuzen ere.
Ikerketa beka iazko abenduan aurkeztu zuten, eta hamar proiektuen artean aukeratu dute irabazlea. Alkatearen esanetan, hirian bizikidetza eta bakea lantzeko balioko du: “Proiektu honen helburua denon artean memoria jorratzea da, ondoren, elkarren artean etorkizuna eraiki dezagun”. Bederatzi hilabete izango dituzte proiektua gauzatzeko, eta 2016an aurkezpen ekitaldiak antolatuko dituzte.
Arnosok azaldu duenez, bakea eraikitzen lagundu dezaketen memoriak eta helburu hori oztopatzen dutenak identifikatuko dituzte, ondoren, indarkeriaren zergatiak aztertu eta motu guztietako bizipenak biltzeko: “Euskal Herrian jasandako indarkeriak min handia eragin du, baina biztanleek badute bizipen horietatik ikasi eta hazitzeko ahalmena”.
Indarkeriaren memoriak josi
Txileko arpilera batek egindako zaku oihala. (Argazkia: Marjorie Agosín)
Proiektuaren oinarria emakumeak izango dira koordinatzailaren esanetan, eta indarkeria zuzenean jasan duten horiei beren bizipenak islatzeko aukera emango diete, horretarako hitzik erabili gabe. Horren ordez, zaku ohialak josiko dituzte: “Txilen jaio zen ohitura hau, diktadura aurretik. Bertako emakumeek, arpilerak, koloretako zaku ohialak josten zituzten galdutako edo desagertutako senideen arropekin, esan ezin zutena telazko muraletan irudikatuz”.
Hain zuzen ere, indarkeria horren ondorioak oihaletan islatzea izango da proiektuaren helburua. Lehen fasean zortzi-hamar laguneko bi talde osatuk dituzte, bata ETAren indarkeria jasandakoekin eta bestea Estatuaren indarkeria ezagutu dutenekin: “Hasiera batean taldeak banatuta egongo dira, eta elkarren artean bizipenak elkarbanatuko dituzte; baina josten doazela, uneren batean biak batzea gustatuko litzaiguke”.
Oihaletan jasandako indarkeriaren eszenak irudikatuko dituzte. Dena den, memoria hori argazkiekin osatu nahi dute, eta horretarako, donostiar guztiei deialdia egin diete, indarkeriarekin lotutako argazkiak bidali ditzaten proiektuaren helbidera:
arpilerakjosten@gmail.com