Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa hasiko da laster, eta Donostiak hiru kategorietan izango du ordezkaritza: esku pilotan, palan eta zesta puntan; iazkoa berdintzea ez du erraza izango.

Julen Chiapuso pilotari loiolatarra, iazko finalean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Sei aldiz jantzi du txapela Donostiak esku pilotan, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan. Iaz, azkena, Oiartzuni finala irabazita. Beraz, txapela defendatzera atera beharko da talde donostiarra aurten ere. Izan ere, Herriarteko Txapelketa maiatzarekin batera iristen da urtero, eta joan den astean egin zituzten kanporaketetarako zozketak. Aurtengo txapelketan 28 herritako partaideek parte hartuko dute esku pilota, pala eta zesta punta kategoriak kontuan izanda; eta hiriak ordezkariak izango ditu hiruetan. Eskuzko lehiak izango dira herri gehien bilduko dituztenak, 22 guztira. Palan zortzi herri arituko dira, eta zesta puntan hiru.
Honako taldeak arituko dira esku pilota txapelketan: Aia, Alegia, Andoain, Arrasate, Asteasu, Astigarraga, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bidania-Goiatz, Donostia, Errenteria-Orereta, Hernani, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Oñati, Tolosa, Zestoa, Zizurkil eta Zumarraga. Maiatzaren 10ean eta 17an hasiko dituzte final hamaseirenak: Beasain-Lezo; Andoain-Arrasate; Zestoa-Aia eta Alegia-Ataun. Ondoren, final-zortzirenen txanda izango da, maiatzaren 24an eta 31n, eta hor sartuko da Donostiako ordezkaritza, Beasain edo Lezoren aurka. Final-laurdenak ekainaren 7an eta 14an jokatuko dituzte, finalaurrekoak ekainaren 21ean eta 28an, eta finala, uztailaren 5ean.
Pala eta zesta punta txapelketak azkarragoak izango dira. Palan honakoak arituko dira: Andoain, Deba, Donostia, Errenteria-Orereta, Lazkao, Oiartzun, Olaberria eta Ordizia. Maiatzaren 17an eta 24an jokatuko dituzte final-laurdenak, eta Errenteria-Orereta izango da Donostiaren aurkaria. Ondoren, maiatzaren 31n eta ekainaren 7an finalerdiak jokatuko dituzte; eta finala, ekainaren 14an. Iaz Donostia izan zen txapelduna, Olaberriari irabazita.
Zesta puntan, Donostia, Mutriku eta Zumaia bakarrik daudenez, ligaxka jokatuko dute: Maiatzaren 10ean izango da lehen jardunaldia; eta finala, ekainaren 28an. Maiatzaren 17an jokatuko du Donostiak lehen partida, Zumaiaren aurka.
Aldundiaren babesarekin
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak eta Donostia Kirolak lortutako hitzarmenari esker, Atano III.a erabiltzeko aukera dute partaideek entrenatzeko. Bi final jokatuko dituzte frontoi horretan, eskuzkoa eta palakoa. Zesta punta finala partaideen artean txandakatuz egiten dute, eta aurten Mutrikun izango da, Miruaitzen.
Gipuzkoa Berria da aurtengo txapelketaren babeslea, hau da, Gipuzkoako Foru Aldundia. Hala, duela urte batzuk banatzen zituzten sariak berreskuratuko dituzte. Eskuzko txapeldunak 5.000 euro jasoko ditu, txapeldunordeak 2.500, eta 1.250 euro hirugarren eta laugarren sailkatuak. Horretaz gain, kanporaketa bakoitzeko 450 euro jasoko dituzte partaideek. Palan, berriz, 2.500 euroko saria irabaziko dute txapeldunek, eta 1.250 euro txapeldunordeek. Kanporaketa bakoitzeko, 300 euro jasoko dituzte. Zesta puntan, 900 euro emango dizkiete partaideei ligaxka osoagatik, eta 450 eurona izango dituzte finalera iristeagatik.
Jose Mari Kalonje, Donostiako hautatzailea: «Oso ongi ibili gaitezke, baina lehenengoan ere kanporatu gaitzakete»

Estreinu ederra egin zuen iaz Jose Mari Kalonjek, herriarteko txapelketako hautatzaile moduan, esku pilotari dagokionez. Izan ere, Donostiak txapela jantzi zuen, hamasei urteren ostean. Taldeak iazko poza oraindik barruan duela dio, baina argi dauka edozer gerta litekeela.
Zer moduzko taldea duzue?
Iazkoaren antzekoa. Iaz kadeteak zirenak aurten jubenilak dira, eta oso ongi dabiltza. Kadeteetan maila polita dugu, eta helduetan ere bai. Pozik nago dudan taldearekin, baina gainontzekoek zer duten ikusi arte, ezin dugu jakin nola ibiliko garen. Hiru kategorietan izugarrizko maila ez badugu ere, ongi ibiliko garela uste dut.
Orduan badakizu jada zein pilotari aukeratuko dituzun?
Oraindik ez dut erabaki zehazki zeintzuk jokatuko duten. Elastikoak hor dauzkat, baina oraindik ez dizkiet banatu. Bakoitzaren mailaz gain, txapelketa hasi aurretik kontutan izango dut bakoitzaren egoera, eskuak nola dituzten…
Zaila da gainontzeko herriak nola ibiliko diren jakitea?
Bai. Urte batetik bestera gaztetxoak asko aldatzen dira; kadeteetatik jubeniletara ematen dute jauzi handiena, jokoan eta denean. Gainera, herriartekoa berezia da, agian herri bat bi pilotariren arabera mugitzen da, eskuen egoerak ere asko agintzen du, orain txapelketa guztiak hasiko dira… alderdi askok eragiten dute.
Maiatzaren 24an izango duzue lehen partida, Beasain edo Lezoren aurka.
Bai. Oso ongi ibili gaitezke, baina lehenengoan ere kanporatu gaitzakete. Beasainek nahiko talde ona du. Beraz, gauzak ongi egin beharko ditugu. Hala ere, hobe da indartsuak hasieran egotea, gu dena emateko moduan egongo gara eta.
Ez da erraza izango iazko maila mantentzea, ezta?
Egia esan ez dugu zorte on gehiegirik izan zozketan. Gainera, harritu nau zozketa egitean iazko txapelduna eta txapeldunordea adar berdinean uzteak. Iruditzen zait talde on asko daudela gure adarrean, Astigarraga, Beasain, Azpeitia… beste aldean Hernani eta beste talde indartsuren bat badago, baina ez hainbeste.
Iazko txapeldunak izatearen pisua nabari duzue?
Ez, gainera, iaz irabazi izanaren poza barruan dugu oraindik. Hau kirol bat da, batzuetan garaipenaz gozatzearen zortea izaten duzu, baina ez da beti horrela izango. Donostiak urte asko zeramatzan txapelketa irabazi gabe, eta aurten berriro lortu dezakegu edo ez.
Atano III.a frontoia urtean zehar erabiltzeko eskaera egin zenuen iaz. Lortu duzue?
Bai, baina hala nola. Lehen txapelketak irauten zuen bitartean bakarrik erabil genezakeen, eta orain aukera zabaldu digute. Momentuz ostegunetan joaten gara, baina bi orduz, eta hiru eskatu genituen, ordu bat maila bakoitzarentzat. Egia da Donostia Kirolak interesa duela laguntzeko, baina aurten ere ez dute konponbide onik eman. Horrela taldea hobeto osatzen dugu, hori baita Donostian falta botatzen duguna. Beste herrietan lotura gehiago ikusten duzu pilotarien artean, talde sentimendu gehiago dute. Donostian bakoitza klub batetik dator, eta hotza da elkarrekin gutxi entrenatuta jokatzea. Gutxienez kantxara ohitzen ari dira jada, eta horrela ez gaude etxean kanpoan bezala.